Hamar urte bete ditu Oizmendi telebistak, baina etorkizuna “beltza” dela ohartarazi du zuzendariak

2013/12/13

BUSTURIALDEKO HITZA| 

Telebista kate handiek zenbait gabezia dituztela eta, maila lokaleko komunikabideek argia ikusi dute azken urteetan, eta horren adibideetako bat da Oizmendi Telebista. Tokian tokiko “albiste xume baina garrantzitsuei” lekua emateko sortu zuten proiektua duela hamar urte, eta gaur egun inoizko eskaintzarik zabalena dauka euskarazko telebistak.

Busturialdeko eta Lea-Artibaiko komunikabide lokalak hamar urte bete dituela eta, Jose Antonio Uriarte Itxaso telebista kateko zuzendaria “pozik” azaldu da, baina “etorkizuna nahiko beltza” dela deritzo. Horrenbestez, poztasuna ez da erabatekoa.

Itxasok nabarmendu duenez, telebista lokal bat izan arren, asko kostatzen da emisioak mantentzea. Langileak, argindarra, errepikagailuen mantenua zein estudioko tresnak ordaindu behar dituzte, eta diru sarrerak asko murriztu dira. Hortaz, ezin dute ziurtatu datorren urtean zer gertatuko den.

Oizmendiko zuzendariaren berbetan, krisi garaian egon arren, bertoko lehen telebista lokala biziberritzeko ez da esfortzu ekonomiko handia egin behar. Itxasok dioenez, “Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herri txikiek hilabetero 50 euroko laguntza emanez gero, telebista katea bere horretan mantentzeko aukera izango genuke”. Udal batentzat diru gutxi izan arren, Oizmendirentzat salbazioa izan daitekeela dio. Gipuzkoaren kasuan, esaterako, TOKIKO sarearen barruan dauden telebista kateek udalen diru laguntza jasotzen dute. “Batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago ematen dute, baina guztiek laguntzen dute”.

Busturialdeko eta Lea-Artibaiko herri txikiek hilabetero 50 euroko laguntza emanez gero, telebista katea bere horretan mantentzeko aukera izango genuke”

Zuzendariak argitu duenez, garai batean bertoko udal guztiek laguntzen zuten Oizmendi telebista, baina, krisiaren eraginez, diru laguntzak kentzea erabaki zuten gehienek. “Badakigu mundu guztia egoera txarrean dagoela, baina Oizmendi bezalako egitasmo batek bizirik jarraitzea oso aberasgarria izango litzateke eskualdeentzat”.

Udalen laguntzez gain, bestalde, publizitate bidez lortutako diru sarrerak ere asko murriztu dira. “Kaleko jendeak ez dauka dirurik, eta are gutxiago iragarkiak jartzeko”. Hala, publizitatea %50 inguru jaitsi da, bataz beste. “Telebistak, irratiak eta egunkariak mantentzeko dirua zerutik erortzen dela uste du jendeak, baina errealitatea ez da hori” ohartarazi du zuzendariak. Dioenez, “lan eta diru asko” eskatzen du komunikabide bat zabalik mantentzeak, baliabideak ere oso garestiak baitira.

Itxasok azaldu duenez, gainera, inguruko telebista guztiak momentu gogorrak pasatzen ari dira. Batzuk okerrago daude, baina, orokorrean, zailtasun askorekin egiten dute topo euskal kateek. “ETBk ere dirutza ikaragarria jasotzen du Eusko Jaurlaritzarengandik, baina kate horren egoera ere ez da batere ona”.

Antenan jarraitzeko gogotsu
Oizmendik helburu argi bategaz ekin zion ibilbideari 2003an: “Telebista kate orokorrek baztertzen dituzten gaiei lekua ematea”. Izan ere, herrietako albiste xumeei garrantzia eman nahi zioten sortzaileek. Albiste lokalak izan arren, berri horiek bertoko errealitatea ezagutzeko ezinbestekoak direla deritzo Albiste «txikiek» bertoko historia osatzen dutela uste du.

Oizmendik 14.000 pertsona inguruko audientzia potentziala izan zuen 2012an. Itxasok jakinarazi duenez, bertoko biztanleek gustura ikusten dute Oizmendiren programazioa. Gainera, TOKIKO sareari esker, bertoko programak eta erreportajeak Euskal Herriko gainontzeko kateetara zabaltzen dituzte. Zuzendariak barreka dioenez, “duela gutxi, esaterako, Bergarako biztanle batek deitu zuen, behin Arratzun egon zela azalduz”. Arratzuri buruzko erreportaje bat ikusi ostean deitu zuen.

Itxasoren berbetan, lanean jarraitzeko gogo itzela daukate, baina, diruaren arabera, etorkizuna “ilunagoa edo argiagoa” izango da. “Udako aparteko ordaisaria, esaterako, ez dugu kobratu, proiektuak bizirik jarrai dezala  nahi dugulako”.

Pertsiana zarratu beharko dugu, edo langile gutxiagorekin jarraitu beharko dugu lanean, programazioaren kalitatea kaltetuz”

Gainbehera ekonomikoagaz jarraituz gero, aukera bi izan ditzaketela deritzo telebista kateko zuzendariak: “Pertsiana zarratu beharko dugu, edo langile gutxiagorekin jarraitu beharko dugu lanean, programazioaren kalitatea kaltetuz”. Gaur egun, adibidez, zortzi langile dauzka Oizmendik, baina hamahiru ere izan zituen garai batean.

Oizmendiko beharginen iritziz, “pena bat” izango litzateke egoera horretara heldu behar izana, produktu on bat kaleratzeko gaitasuna dutela erakutsi baitute. “Ikusleak gustura daude, eta gu ere gustura gaude, baina proiektuaren zulo ekonomikoa gehituz gero…”.

Ikusleak gustura daude, eta gu ere gustura gaude, baina proiektuaren zulo ekonomikoa gehituz gero…”

2003an lehen emisioak

Busturialdean telebista kate bat sortzeko proiektua 2002an jaio zen. Urte horretan proba txiki bat egin zuten telebista lokalaren bultzatzaileek, mailegatuta hartutako tresna batzuk erabiliz.

Baliabide oso urriak izan arren,  proiektuak argia ikusi zuen 2003an. Hain zuzen, lehen emisio finkoak egin zituzten urte horretan. Itxasoren berbetan, “lehen emisioak oso xumeak ziren”. Hala, gaur egungo programazioagaz alderatuz gero, ordukoa nahiko eskasa zen, zuzendariak barre artean gogoratu duenez. Hasiera horietan, Onda Vasca irratiko Gernika-Lumoko egoitzatik emititzen zuen bertoko telebista kateak, Urdaibai Telebistaren izenagaz. Gerora, baina, Oizmendi Telebista izena hartu zuen egitasmoak, Lea-Artibain ere emititzen hasi baitzen.

Lehen emisioak eginda, telebista lokalak diru laguntza bat lortu zuen, eta Itxasok berak aurreratutako diruari gehituta, proiektu “serioago” bat martxan jartzeko aukera izan zuten. Estudio txukun bat egin zuten, lokal berri bat alokatu zuten, eta telebistarako baliabide berriak erosi zituzten diru horregaz. Itxasok azaldu duenez, Calahorran (Errioxa, Espainia) zarratu zuten telebista batetik lortu zituzten estudioko tresna gehienak.

Jada Oizmendi izenagaz, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko telebista kateak 2009an eman zuen hurrengo jauzi garrantzitsua. Urte hartan, akordio bat sinatu zuten Euskaltel enpresagaz, eta TOKIKO komunikabideen sarean sartu ziren. “TOKIKOko kideak gurekin jarri ziren harremanetan, eta proiektuan parte hartu nahi genuen galdetu ziguten”.

Itxasok nabarmendu duenez, “kalitate aldetik salto handi bat izan zen”. Izan ere, eskualdeotatik kanpo dauden telebisten saioak emanez, gaur egun programazio hobea daukatela deritzo zuzendariak. “Bertoko albiste edo ekitaldiak izan ez arren, zenbait gai interes orokorrekoak dira. Hala, Euskal Herriko euskarazko telebista kateok elkar elikatzen dugu”.