HAMAR ORDUKO JAIALDI SOLIDARIOAK GIROTUKO DU BIHAR ALDE ZAHARRA

2013/04/30

BUSTURIALDEKO HITZA|

Jaialdiak helburu bakarra du, apirilaren 11n Nardiz Tar Jon Kalean gertatutako sutearen ondorioz kaltetu diren familiei laguntzea. Hori dela eta, deialdia ahalik eta zabalena egin daiten gura dute, «inguruko herrietako bizilagunak be hurbil daitezen».IMG_2169

10:00etan hasi eta 20:00ak bitartean, etenik gabeko jaialdi solidarioa hartuko du bihar Bermeoko Alde Zaharrak. Jardunaldia Bizkaiko motorzaleek antolatu dute, Bermeoko rock taldeen eta Alde Zaharreko tabernarien laguntzarekin.

Motoen kontzentrazioa, kontzertuak, atun pintxoak…jai giroan murgilduko dute Alde Zaharra. Motoen kontzentrazioarekin hasiko da jai eguna, Goiko Plazan bilduko baitira Bermeora hurbiltzen diren motorzaleak. Motorzaleek, gainera, Goiko Plazan ipiniko duten txosnaz arduratuko dira, “txosna solidarioa” izango dela jakinarazi dute. Horretan be, euro batean salduko dituzten txorizo pintxoak egiteko asmoa iragarri dute.

Kontzertuak hiru gunetan

Hamalau rock taldek parte hartuko dute gaurko jaialdi solidarioan: Bermeoko 13 talde eta Gatikatik etorritako bi. Horiek guztiak 11:00etatik aurrera izango dira Alde Zaharreko hiru puntutan; izan be, nahiz eta jaialdiaren erdigunea Goiko Plaza izango den, Aurrekoetxea eta Erremedio kaleetan be zenbait kontzertu eskainiko dituzte taldeek. Azaldu dutenez, taldeetako kideek gitarren zorroak aprobetxatuko dituzte kaltetuentzako dirua batzeko.

  • Aurrekoetxea kalean 11:00etatik 15:00etara: Zona 0, Cactus, Set eta Ost.
  • Erremedio kalean 11:00etatik 15:00etara: Gatom, Controladores Aereos, Magnetico Grupo Robot eta Ramonetarrak.
  • Goiko Plazan 11:00etatik 15:00etara: La Vieja (Gatika), Norez eta Inguma. 16:0etatik 20:00etara: Snatzen, Sealed Room eta Unholy Covers.

Rock taldeez gain, Txo Sevillak be parte hartuko du, dantza erakustaldia egingo baitu.

Bizkaiko motorzaleek, gainera, Camposek utzitako atuna banatu dute Alde Zaharreko tabernetan. Horiekin atun pintxoak prestatuko dituzte eta euro batean ipiniko dituzte salgai. Atun pintxoetatik lortutako dirua sutearen ondorioei aurre egiteko izango da. Era berean, jakinarazi dutenez, tabernetan itsulapikoak ipiniko dituzte helburu bardinarekin. Hurrengoak dira ekimen honetan lagunduko dutenak: Bermeoko kafe Antzokia, Izokin, Toki Alai, Akelarre, Doniene, Kaixio, Julen, Gure Toki, Txalaparta, galerna, Umbe, Casco Viejo, Beleza malandra, Aurresku, Zubi Gane, Gai Sai, Amaia dastaleku, Txiriboga eta Agurtzane eta Izaskun estankoa.

Elkartasunak jarraitzen du

Hilaren 11ko sutean kaltetuak izan diren horienganako elkartasunak jarraitu egiten du, asko eta asko dira modu batera edo bestera lagundu gura dutenak. Esaterako, joan den zapatuan Nuntxakuk Kapillan antolatutako kontzertuetatik lortutako dirua, 385 euro, hain zuzen be kaltetuentzako izango da. Horrela erabaki zuten Urgatz, Casus Belli eta Gailur musika taldeek.