Hamabosgarren urteurrena ospatzeko, doako milaka sarrera banatuko ditu Bakearen Museoak

2013/11/26

BUSTURIALDEKO HITZA|

1998an ireki zuten Gernika-Lumoko museoa, eta, beraz, aurten bete ditu hamabost urte. Horren harira, herriko merkatarien eta ostalarien bitartez milaka sarrera banatuko ditu, gernikarrek eta inguruko herrietako bizilagunek Bakearen Museoa doan bisita eta ezagutu dezaten. Hala, jatetxeetan, kafetegietan, komertzioetan… banatuko dituzte sarrerak. Horietako bakoitzak lau pertsonarentzako balioko du, eta 2014ko otsailaren 28ra bitartean erabili ahalko dira.

Urtea amaitu bitartean hainbat jarduera egingo ditu edo hainbat ekitalditan parte hartuko du Bakearen Museoak. Esaterako, hilaren 23tik eguenera bitartean Youth action proiektu europarrean ari da parte hartzen museoko hezkuntza saileko arduradun Idoia Orbe. Gernika-Lumoko museoko zein beste museo batzuetako ordezkariak Frarantziako estatuan dira egunotan proiektua lantzen, eta, besteak beste, gazteekin memoriaren gaia nola landu daitekeen ari dira aztertzen.

Bestetik, hilaren 27tik 29ra Bakearen eraikuntzako erronkak izeneko seminarioan parte hartuko du Bakearen Museoak, bartzelonan, eta baita AIPAZ sareko urteko topaketan eta aktualitate museografikoaren IX. nazioarteko topaketan ere.
Herrira itzuliz, abenduaren 1ean familiei zuzendutako tailer didaktiko bat egingo du, 11:00etatik 13:30era, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, abenduaren 10ean museora sartzearren ez da ordaindu beharko. Abenduaren 11tik 13ra, gainera, ikastetxeei zuzendutako tailer bereziak prestatu ditu, Giza eskubideen aldeko tira erakusketa oinarri hartuta.