GURASOLAGUN PROGRAMA ABIARAZI DUTE, AITA-AMAK EUSKARAZ ARITZERA BULTZATZEKO

2013/10/07

BUSTURIALDEKO HITZA|

Berbalagunek hasitako bideari jarraituz, Gurasolagun programa ipini dute martxan Gernika-Lumon. Berbalagunek euskaldunzahar eta berriak esparru desberdinetan euskaraz aritzeko biltzen dituen artean, gurasoak eta seme-alabak batzea izango du helburu Gurasolagunek, euskaraz mintza daitezen. Sustatzaileek zehaztu dutenez, “parte hartzaileek euren seme-alabekin joango dira topaketetara, eta txikiak lagunekin jolasten dabiltzan bitartean, helduek euskaraz egiteko aprobetxatuko dute”.

Euskara maila albo batera utzita, guraso guztiei zabaldutako programa da; “euskaraz badakitenek euskeraz egin dezaten, gutxiago dakitenek praktikatzeko aukera izan dezaten eta seme-alabek ikus dezaten eskolaz kanpo ere baduela euskarak lekurik eta gurasoek euren artean euskaraz egiten dutela”.

Parte hartu nahi izanez gero, Gernika-Lumoko AEKra (94-625 77 10), Aita Villasante Udal Euskaltegira (94-627 02 11), Busturialdean Euskeraz Bizi-ra (94-627 72 54) edo Udaleko Euskara Zerbitzura (94-627 02 05) jo beharko da.