Gernikako 750 ikasle munduan zehar, ‘Babel’ erakusketarekin

2013/02/26

I.FRADUA-DEIA|

Udalerritik irten beharra izan barik, Gernika-Lumoko bost ikastetxeetako 750 ikasle munduan zehar ibili ahal izango dira Babel erakusketaren bitartez. Martxoaren 8ra arte kultur etxean izango den mostrak “munduko kultura desberdinak ezagutzeko” aukera eskainiko die 3 eta 11 urte bitarteko umeei. Zehazki, hamar herrialdetako ohituren berri izango dute.

Kultur Etxea Fundazioak antolatuta, eta Dar-Dar produkzioak ekoitzia, “gazteenei kultura ezberdinak elkarrekin bizi daitezkeela erakustea” du helburu nagusi erakusketak, baina baita “berdintasuna eta tolerantzia irakastea” ere. Horrela, bost panelen bitartez Bolivia, Kolonbia, Angola, Nikaragua, Nigeria, Ekuador, Senegal, Errumania, Txina, Maroko eta Errusia bezalako herrialdeetako ohiturak dira presente. Bada, Euskal Herriko biztanle berrien jatorri diren herrialdeetako kulturak ezagutarazten du erakusketak.

LIVINGSTONE GIDARI Baina mundu zabalean zehar ibilitzeko gidari bat ere izango dute Gernika-Lumoko umeek. “Livingstone esploratzaile britainiarraren erara jantzitako an-tzezle batek herrialde bakoitzeko hainbat ipuin eta zehaztasun kontatuko dizkie”, azaldu dute Udaleko bozeramaileek. Erakusketaren osagarri, azkenik, “gaztetxoen partaidetza aktiboa eragiteko, 3 urtetik 5 urtera arteko umeentzat aurpegia pintatzeko tailerra ere egingo da, eta 6 eta 11 urte bitartekoentzat, berriz, irakurketa tailerra”.