Gernika-Lumoko oinarrizko bizi euskarriko anbulantziek ez dute erizainik izango aurrerantzean

2014/01/15

BUSTURIALDEKO HITZA|

Satse erizainen sindikatuak jakinarazi duenez, zerbitzuaren ardura hartu duen Euskadi Emergentziak UTE enpresak  kalean utzi ditu Bizkaiko anbulantzietako 35 erizain. Enpresa horrek lanpostuak subrogatzeko ardura zuen, baina adostutakoari kontra eginez, Euskadi Emergentziak UTEak kalean utzi ditu langileak inolako jakinarazpenik barik. Hala, beharginek ez dute kalteordainik jaso, eta ez daukate langabezia kobratzeko eskubiderik. Martitzenean hasita, 20 lanegun dituzte, epaitegian salaketa jartzeko.

Langileak kaleratzeko erabakiaren eraginez, Gernika-Lumoko oinarrizko bizi euskarriko anbulantziek ez dute erizainik izango aurrerantzean. Anbulantzietako beharginen ustez, “erabakia ulergaitza da”. Izan ere, Busturialde guztia kontuan hartuz gero, Gernika-Lumoko anbulantziek bakarrik zeramatzaten erizainak. Bermeotarrek, esaterako, inoiz ere ez dute zerbitzu hori izan, baina Gernika-Lumoko eta Mungiako anbulantziekin betetzen ziren kostaldeko herriaren beharrizanak. Aurrerantzean, baina, herri horiek ere ez dute zerbitzu hori eskainiko.

Kaleratutako erizainen lanpostuetan, gainera, osasun garraioko teknikariak jarri ditu enpresak. Hala, “zerbitzua kaxkartu dute enpresako arduradunek”. Anbulantzietako beharginek kritikatu dutenez, erizainen ordez osasun teknikariak jarriz, erabiltzaileek galera handiak izango dituzte. “Pertsona diabetiko bati, esaterako, teknikariek ezin diote botika bena barnetik eman. Modu berean, beso edo hanka bat apurtu duten herritarrei ezin dizkiete eman analgesikoak”.

Bizi euskarri aurreratuko anbulantziek (ZIU), tartean Gernika-Lumoak, bestalde, erizaina mantenduko dute. Hala ere, nahikoa ez dela deritzote erizainek. UZIak larrialdi bat izanez gero, beste istripu bat gertatzen denean anbulanztia arruntak joango dira bigarren ezbeharrera. Hortaz, zerbitzuaren “kalitateak behera” egingo duela esan dute beharginek.

Gaiak sortutako zalapartaren ostean, Jaurlaritzaren Osaun Sailak enpresagaz berba egingo duela hitzeman du. Anbulantzietako beharginen berbetan, “orain arte isilik geratu da Jaurlaritza, baina konfiantzazko botoa emango diogu”. Bestela epaitegietara jo beharko dutela ohartarazi dute.