GERNIKA-LUMOKO GIZARTE ZERBITZUA DROGEN KONTSUMOAREN ERAGINA ARI DA LANTZEN IKASLEEKIN

2013/10/23

 

BUSTURIALDEKO HITZA|

Hamargarren urtez, drogen kontsumoak dakartzan “ondorio kaltegarriak gutxitzeko” eta babes faktoreak indartzeko” tailerra antolatu du Gernika-Lumoko Udaleko Gizarte eta Toki Garapen Zerbitzuak. Ikastetxez ikastetxe dabiltza Arriskuak murrizteko tailerraizenekoa garatzen, DBHko, Batxilergoko eta LHIko ikasleekin batera. Ikasturte amaierara arte hainbat dinamika egingo dituzte gazteekin.

Gizarte Ongizate Saileko arduradun Begoña Landak esan duenez, “drogak kontsumitzeak dakartzan arriskuak prebenitzeko babes faktoreak indartu nahi ditugu gazteen artean”. Hala, drogen kontsumoaren eraginak, arriskuak eta mitoak landuko dituzte ikasleekin; gainera, genero ikuspegia ere aintzat hartu dute programa garatzerako orduan.

Iaz 220 ikaslerengana ailegatu zen programa. Landa pozik agertu da, geroz eta gazteagoengan eragiteko aukera dagoelako; izan ere, programa gero eta adin txikiagoetan ezartzen dute. Esan du “drogen kontsumoaren arriskuak eta kalteak txikitu eta parte hartzaileen bizi kalitatea hobetzea” direla, betiere, helburuak.

Bestalde, osasun heziketako beste programa bi ere  ari dira prestatzen,  gazteei zein gurasoei zuzenduta: Gurasoentzako prebentzioa eta Osasun heziketa. Droga kontsumoaren aurrean alternatibak eskaintzen dituzte biek !eta jarrera, balio eta jokabide osasungarriak bultzatzeko jarraibideak ematen dituzte”.