GERNIKA-LUMOKO CALZADA EGOITZAK URTEKO JAIALDIA OSPATUKO DU DOMEKAN

2013/11/21

 

BUSTURIALDEKO HITZA|

Ohiturari eutsiz, Gernika-Lumoko egoiliarrek hurbilekoekin ospatuko dute euren egun handia. Hala, datorren domekan, egoitzan bertan batuko dira haien senide eta lagunak, jai giroan. Zaharren omenezko asteari bukaera borobila emateko jaialdian parte hartzeko eta eguna «zoriontsu izaten eta zoriontsu egiten» igarotzeko deia egin du egoitzako fundazioak.

Betiko egitaraua ekarriko du domekak Calzadara. 10:30ean txistularien diana egongo da, eta suziriak jaurtiko dituzte festaren hasiera iragartzeko. Eskola Kristo musika elkarteak abestutako mezaren ostean, Urriko Azken Asteleheneko gaztaren enkanteko txekeak emango dizkiete Bilboko Mendata Berria jatetxeko ordezkariek eta Xaiborrek egoitzako arduradunei. Olaberriako Aizpea elkartearen gazta erdia 6.700 eurotan erosi zuen Bilboko jatetxeak, eta Xaiborrek 700 eurotan Aginagako Larraberena. Hortaz, bien artean 7.400 euroko balioa duten txekeak jasoko ditu Gernika-Lumoko egoitzak.

Euskal dantzarik ere ez da faltako ekitaldian, eta oraingoan ere, Gernika-Lumoko Elai-Alaiko eta Foruko Urdaibaiko dantzarien eskutik etorriko da tarte hori. Urdaibai Kantuz Kantu abesbatzak zarratuko du goizeko egitaraua.

Arratsaldean, bestetik, literatura lehiaketaren ekitaldia egingo dute, areto nagusian, eta jaialdiari amaiera emateko Adineko abesbatzaren saioa egongo da.

Betiko legez, taberna zerbitzua ipiniko dute egoitzaren kanpoko aldean, edariak eta pintxoak eskainiz. Gabonetako loteria erosterik ere izango da.