Gazteria saila sortu du Bermeok gazteen beharrizanak aztertzeko

2013/01/02

GAZTEEN ESPARRUAN UDAL ADMINISTRAZIOAK BALIABIDEAK “BADITUELA” IRITZITA, EAJ BOZKETAN ABSTENITU ZEN

IÑIGO ALBERDI - DEIA|

Gazteen arazoak eta beharrizanak aztertu eta eztabaidatzeko eta horiei irtenbideak bilatzeko asmoarekin, Bermeoko Udalak Gazteria Saila sortu berri du. Orain arte Kultura, Gazteria eta Hezkuntza Sailaren barne zegoen arloa zen, baina azken osoko bilkuran berretsitako erabakiarekin, garrantzia gehiago ematea erabaki dute Udal agintariek, “gazteen egoera zein den kontuan hartuta”.

Gazteria zinegotzia izango den Juan Karlos Agirrek argitu zuenez, Udalak gaur egun dituen baliabideak erabiliko ditu bere funtzionamendurako. Udal Taldetik, gazteek gaur egun krisi ekonomikoaren ondorioz dituzten hainbat arazo dituztela gogoratu zuten: langabezia, etxebizitza falta dota aisialdirako aukera falta, besteak beste. “Hori dela eta, guzti horiek eurekin eztabaidatzea eta lantzea beharrezkoa deritzogu, Udalak dituen baliabideak gure herriko gazteen esku jartzea, euren egoera hobe-tzeko xedearekin”, azaldu du sail berriko arduradun nagusiak. “Guztion indarrak batuz eta elkarlanean arituz seguru nago lan honek emaitza onak izango dituela”, azpimarratu du.

Ildo berean, gazteekin batera euren egoerari buruzko diagnostiko bat ere egingo da, arlo ezberdinetan bizi duten egoeraren inguruko gorabeherak ezagutzeko. Lan horretan oinarrituta, ondoren, oraingoan ere gazteekin elkarlanean, egoera ezberdinei irtenbideak bilatzen ahaleginduko dira.

Juan Karlos Agirrerekin batera, Aingeru Astui eta Josune Barturen ere izango dira Bilduko ordezkariak Gazteria Batzordean, EAJkoak Alazne Zumeta eta Aritz Abaroa izango direlarik. Jeltzaleak gazteriaren aldeko politikak egiteko apustua mantendu zuten, “Bermeon beharrezkoa delako”, nahiz eta sail berri bat sortzea ez duten begi onez ikusi. Horrela, udalbatzaren bozketan abstenitu egin ziren.

“Argi dago apustu horren aldekoak garela”, azaldu zuten, “baina dagoen sailaren barruan indartu behar dugun gaia da, eta ez administrazioa potoloago egin”. Izan ere, eta EAJko arduradunek azaldu zutenez, “administrazioak meheagotzen ari diren aro honetan, Gobernu honek bi sail berri sortu ditu”. Eta, besteak beste, “sail berriaren zereginak identifikatzeko 20.000 euro gastatuko” direla aurreratu zuten.