Gazteluko zoladura eta iragazketak konpontzen ari da Eusko Jaurlaritza

2012/12/14

BUSTURIALDEKO HITZA|

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila, Bermeoko Udalarekin elkarlanean, Gazteluko zoladuran zeuden irregulartasunak eta bertan sortzen ziren iragazketak konpontzeko lanak egiten ari da. Lanon azken fasean dabiltzatela azaldu dute Jaurlaritzatik eta datozen egunetan amaitzea aurreikusten dutela esan dute.

Hainbat hamarkadetan mantenu lanak egin gabe egon ostean, Gazteluren zoladurak irregulartasunak zituen. Gainera, tarteko solairuan dauden lokaletara etengabe ura sartzen zela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzatik.

Arazoak konpontze aldera, Bermeoko Udalarekin batera lan egin dutela diote Jaurlaritzatik. Horrela, Bermeoko Udalak proiektu konstruktiboa egin du eta Portu Zuzendaritzak lanok finantzatu ditu, 40.000 euro, hain zuzen be.

Jaurlaritzatik azaldutakoaren arabera, «malden erregularizazioa egin dute batetik, bertan zeudenak aldatuta. Bestetik, estolda-zulo barria be ipini dute dagokion uren irteerarekin. Gainera, ur-iragazketak saihesteko, azaleraren iragazgaizte tratamendua be egingo dute. Bestalde, egun dagoen hormigoizko balaustrada margotuko dute eta altzairu herdoilgaitzeko eskubanda bat ipiniko dutela jakinarazi dute, haren altuerak hiriko babesak eskatzen duen araudia bete dezan.

Lanok azken fasean murgilduta daudela diote, are gehiago, datozen egunetan amaitzea aurreikusten dutela zehaztu dute, «eguraldiaren arabera; izan be, iragazgaizte geruza hori jarri ahal izateko ezin du zenbait egunetan euririk egin», diote.