Garellano errejimentuaren kaskoa eraman dute Bakearen Museora

2012/12/12

BUSTURIALDEKO HITZA|

Espainiako armadaren Garellano errejimentuari buruzko erakusketa baten hartutako kaskoa eraman du Gernika-Lumoko Bakearen Museora KEM-MOC Bilboko talde antimilitaristak. Taldeko kideetako batek hilaren 6an egindako “ekintza baketsu” baten hartu zuen kaskoa erakusketatik, “Garrellano errejimentuaren basakeriak salatzeko”. Ekintza horretan, gerra kotxe batera kateatu ziren taldeko ordezkariak, beste batzuk erakusketaren sarrera oztopatzen zuten bitartean. Zalapartaren erdian hartu zuen kaskoa taldeak.

Talde antimilitaristak azaldu duenez, “gerratik bakera dagoen bidea sinbolizatzeko” eraman dute  kaskoa Bakearen Museora. Izan be, gerrarako erabiltzen diren azpiegitura eta tresna guztiek beste erabilera bat izan behar dutela deritzote. Diotenez, “gerratik kultura arlora egin behar da salto, Astran gertatu bezala”. Hala, arma lantegi bat sormen lantegi bihurtzea goraipatu dute.

Taldeko ordezkariek diotenez, Garellano errejimentua eta gerrak salatzeko hartu zuten kaskoa. Izan be, hainbeste sufrimendu eragin duen errejimentu bat erakusketa bategaz omentzea iraingarria dela deritzote. Horregatik, antzeko egoerak gertatzen direnean, gizarteak desobendientzia zibilaren bidea hartu behar duela esan dute.

Antimilitaristek Astran emon dute prentsaurrekoa, eta ostean, Bakearen museora eraman dute kaskoa. Ekimenean, Natxo de Felipe musikariak, Pedro Ibarra EHUko irakasleak eta Ekologistan martxan taldeko kideek be parte hartu dute.