Euskaraz bizi nahia aldarrikatuko dute gaur herritarrek

2013/12/03

BUSTURIALDEKO HITZA|

Euskararen Nazioarteko Eguna gaur dela eta, hainbat jarduera izango dira Busturialdean. Gernika-Lumon, adibidez, Berbalagunek antolatuta 11 orduko irakurraldia egingo dute hirugarrenez, oraingoan Edorta Jimenezen Baleen berbaroa-gaz. Elai-Alai aretoko gela txikian izango da, 09:00etatik 20:00etara, eta parte hartzeko 647-814 965 telefono zenbakira (Pili) edo 94-627 02 05ra (Euskara Zerbitzua) deitu behar da. Ondoren, 20:15ean, Bai Euskarari ziurtagiriaren banaketa ekitaldia egingo dute Elai-Alai aretoan.

Bestetik, gaur bertan ere hainbat jarduera egingo dituzte ikastetxeetan, eta Ajangizen Belen Azkarate ipuin kontalariaren saioa edukiko dute zapatuan, 17:30ean, Mendieta auzoko kultur etxean. Ean ere ipuin kontari ariko dira, baina, kasu horretan Ixabel Milletegaz. Zapatuan izango da hori, 17:30ean, Eskolondoko liburutegian.

Elantxoben, Gabonetako Postal eta Testuen Lehiaketako ekitaldia egingo dute zapatuan, Gorgonio Renteria Kultur Etxean. Marrazkiak eta testuak han ere aurkeztu ahalko dira. Merienda txiki bat eta parte hartzaile guztientzako sariak izango dira, eta baita ipuin kontalaria eta umeentzako jolasak ere. Biharamunean jakinaraziko dituzte saridunen izenak. Gainera, domekan kanta bazkaria izango da kostako herrian. 15:00etan ipini dute hitzordua, Makues tabernan.

Gernika-Lumora itzuliz, Ibilaldia 2014-Euskararen Bihozfera ekitaldia hartuko du Elai-Alai aretoak bihar, 19:00etan. Gernikako euskerearen bilakaera historikoa (Ariane Ensunza) eta Busturialdeko euskerearen ezaugarriak (Adolfo Arejita) hitzaldiak, Euskeraren Bihozferaproiektuaren aurkezpena eta mahai-ingurua izango dira. Horrez gain, Ibilaldia 2014ko abesti lehiaketako irabazlea zein izan den jakinaraziko dute.Bestalde, Berbalagun 10 urte erakusketa zabaldu zuten atzo, Berbalagunen hamar urteko ibilbidearen isla. Elai-Alai aretoko gela txikian dago ikusgai, 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:30era.

DOKUMENTUAK: Euskararen Eguneko gehigarri berezia