Eskolondo Herriko Etxea aurki zabaltzeko asmoa du Eako Udalak

2013/03/07

BUSTURIALDEKO HITZA|

Eako Eskolondo Herriko Etxea aurki zabaltzeko asmoa du udalak. Dagoeneko hainbat toki ia prest dituzte, eta beste hainbat konpondu barik dituzte, herritarrek ekitaldi ezberdinak egin eta euren beharrizanak asetu ahal izateko.

Gabonetan, Ate irekien bitartez,  Herriko Etxearen barruan izateko aukera izan zuten herritarrek; hala, bertako gimnasioa ikusi ahal izan zuten, besteak beste. Udalak jakinarazi duenez, berau hornitzeko kirol tresna barriak lortzen dabil udala. Horrez gain, liburutegia be ia prest dute, «zoruagaz izandako ustekabeko arazoak konpondu ostean»; hornitzea baino ez zaie falta. Ume txikientzako ludoteka eta taberna be egoera berean daudela azaldu dute, «elektrotresna eta altzariak noiz iritsiko zain» baitaude.

Teilatua barriztatze lanetan be badabiltza beharginak, eta horrekin be laister bukatzea espero du Eako Udalak.
Bestalde, Herriko Etxea zabaldu orduko dena prest izateko lanean dabil herriko talde bat; izan be, oraindik, tabernaren esleipena, gimnasioaren eta liburutegiaren funtzionamendua, horien ordutegia… zehazteke dituzte. Dena den, aurki herriari aurkezteko moduan izango dutela esan du udalak. Bitartean, baina, nork bere ideiak eta proposamenak egin ahal izango ditu udaletxean; izan be, «Herriko Etxea herritar guztiena da eta guztiek izango dute berau erabiltzeko aukera eta zaintzeko ardura».

Tabernaren ardura hartzen duenak bete beharko dituen baldintzak zehazten be badabil udala. Hasteko, udalak  dioenez, proiektu bat aurkeztu beharko dute tabernaren ardura hartzeko interesa dutenek; bertan, tabernak herriari zer eskainiko dion herri-giroa biziberritzeko azaldu beharko dute, besteak beste. Proiektuaz gain, euskara, herrian bizitzea, egoera sozioekonomikoa edota esperientzia be baloratuko ditu udalak, kasuan kasu.

Aipatutakoaren arabera, hainbat gune ezberdin izango ditu Eskolondoko Herriko Etxeak zabaltzen dutene an; halanda be, leku asko, oraingoz, konpondu barik geratuko dira. Toki horietan herritarrek ekitaldi ezberdinak egin eta hainbat beharrizan asetu ahal izango dituzte. Horretarako, herritarren gogoa, borondatea eta ekimena oinarri hartuko dute; «herritarrok zer nahi dugun, horri ekingo diogu, apurka-apurka bada be», azaldu dute udaletik. Hala, auzolanaren bitartez, diru faltan ukitu barik gelditu den barruko kirol/jolas lekua konpontzeko asmoa erakutsi dute.