Eskola garraioko begiraleek greba mugagabea hasi dute

2014/01/28

BUSTURIALDEKO HITZA|

Bermeoko San Frantzisko, Gernika-Lumoko Allende Salazar, Arratzuko Barrutia, Muxikako Urretxindorra, Busturiko Jose Maria Uzelai eta Gautegiz Arteagako Montorre herri ikastetxeetako eskola garraioko begiraleak dira Busturialdean greba mugagabea hasi dutenak, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deituta. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, hitzarmena negoziatzen ari dira baina negoziazioek ez dute aurrera egiten, “urtebete daramagu hitzarmena negoziatzen, baina ez dugu ezer aurreratzen”. Eskola garraioko begiraleen lan baldintzak hobetu gura dituzte. “Soldatak izoztutadituzte 2009. urteaz geroztik”, eta hitzarmen barria sinatu arte borrokatuko direla esan du LABek.

Begiraleak greban daudenez, ikastetxera joateko garraiorik ez dute Bermeoko, Gernika-Lumoko, Arratzuko, Muxikako eta Busturiko ikasleek. Gautegiz Arteagako Montorre eskolan taxi zerbitzua dute, baina haurrak hartzeaz arduratzen den begiralea greban dela jakitera eman du eskolak.

Azkeneko bi asteetan bost greba egun izan dituzte ikastetxe publikoetan neska-mutikoak autobusean eta jolastokian zaintzen aritzen diren begiraleek. Araban, Bizkaian eta gipuzkoan 500 bat begirale dira greba mugagabean –LAB sindikatuaren datuen arabera–, eta 25.000 ikasle ingururi eragiten die grebak.

Iruditzen zaigu eskatzen ari garena ez dela munduko beste ezer: 2008-2009ko ikasturtetik blokeatuta dagoen lan hitzarmenaren negoziazioa”

Aurreko asteko greba egunen balantze ona egin du ELAko ordezkari Lucia Puertasek: “Gero eta begirale gehiagok egin dute bat grebarekin, eta balorazioa oso positiboa da”. Sektoreko lau sindikatuek egin dute bat grebarekin: ELAk (ordezkarien %44,4 ditu), LABek (%24,4), CCOOk (%20) eta UGTk (%11,1). Sektoreko langileen %99 emakumezkoak dira. “Iruditzen zaigu eskatzen ari garena ez dela munduko beste ezer: 2008-2009ko ikasturtetik blokeatuta dagoen lan hitzarmenaren negoziazioa”, azaldu du Puertasek. Ordutik langileek soldata izoztuta daukate, eta orduko soldatatik hona %6 inguruko igoera eskatzen dute sindikatuek. Halaber, lan hitzarmena “gotortzeko” eskatzen dute, Espainiako lan erreformaren aurrean.

Negoziatzeko eskatu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, eseritzeko eta negoziatzeko deia egin zien barikuan alde biei. Administrazioak dioenez, akordiren batera heldu behar lukete, “ahalbait arinen”. Era berean, esan du gatazka konpontzea ahalbidetuko duten bideen bila jarraituko duela, “nahiz eta hori langileen ordezkarien eta enpresen arteko borondateak besterik ez duen lortuko”.