Errumania ezagutzera emateko jarduerak antolatu dituzte Muxikan

2013/11/29

BUSTURIALDEKO HITZA|

Muxikako Udaleko Kultura Sailak, Danubius elkarteak eta Biltzenek antolatuta, Errumaniari buruzko jardunaldiak hartzen ditu egunotan Muxikako Zubieta Errota liburutegiak. Herritarrak herrialde hartara gerturatzea dauka helburu jardunaldiak.

Hiru dira antolatutako ekitaldiak. Batetik, Kristalean egindako ikonoak izeneko erakusketa ipini dute ikusgai, eta Muxikan egongo da abenduaren 3ra bitartean. Bestetik, Errumaniako historia, ohiturak eta kultura hobeto ezagutzeko aukera egongo da gaur, hitzaldi bati esker. 18:00etan hasiko da berbaldia, eta Oana Tampanariu izango da hizlaria. Errumaniako jaki tipikoen dastaketa ere egingo dute.

Hirugarren eta azken jarduera umeei zuzenduta egongo da. Iulian Gradinaruk dinamizatuta, 4tik 12 urtera arteko umeentzako tailerra egingo dute abenduaren 3an. Hain zuzen, Pazko arrautzak margotzen ariko dira umeak.

Jardunaldiak
Erakusketa

  • Kristalean egindako ikonoak. Abenduaren 3ra arte, Zubieta Errotan.

Hitzaldia

  • Errumania: historia, ohiturak eta kultura. Oana Tampanariu izango da hizlaria. Gaur, 18:00etan, Zubieta Errotan. berbaldiaren ostean Errumaniako jakien dastaketa egongo da.

Tailerra

  • Umeentzako eskulanak, Pazko arrautzen margoketa. 4 urtetik 12 urtera artekoei zuzenduta. Dinamizatzailea: Iulian Granadinaru. Abenduaren 3an, 17:00etan, Zubieta Errotan.