Erronka barriei aurre egiteko gogoa

2013/01/30

BUSTURIALDEKO HITZA|

Gernika-Lumoko Kultura Batzordearentzat urte arrakastatsua izan zen 2102a, baina hazten jarraitu gura dute batzordeko kideek. Dagoeneko, 38 kultur eta gizarte elkarte batzen ditu batzordeak, baina beste aurrerapausu bat emon gura dute. Jakinarazi dutenez, Kultura Batzordean parte hartzen duen talde kopurua handitzea, eta alderdi politiko guztiek parte hartzea izango dira erronka barrietako bi.

Herriko gizarte eta kultura taldeek ohar bidez azaldu dutenez, danon artean ideia eta proiektu barriak lantzeko tresna ezinobea da Kultura Batzordea. Diotenez, batzordeak kultura arloko gaiak “aztertzeko eta adosteko” aukera emoten du.

2009an herriko talde desberdinak lehenengoz batu zirenean helburu argi bat zuten, baina oraindik ez dute bete. Izan be, kultur arloan jarraitu beharreko “norabidea guztion artean adosteko”, herriko eragile desbardinen parte hartzeagaz kontatzea ezinbestekoa dela deritzote.

Gabeziak konpontze aldera, herriko ordezkari politiko desbardinei Kultura Batzordean parte hartzea eskatu diete bertoko taldeek. Nabarmendu dutenez, “udaletxean kulturari buruz berba egiteko beste tresna batzuk daude, baina herritarrek ez dute parte hartzeko aukerarik gune horietan”.

Bestalde, herriko gainontzeko taldeek be batzordean parte artzeko aukera dute. Kultura Batzordekoen berbetan, herritarren ardurak eta nahiak ezagutzeko oso garrantzitsua da alkarlanean jardutea. Hala, ateak zabalik daudela esan dute. Auditorio ondoko antzinako eskola zatiarekin zer egin be erabakiko du Kultura Batzordeak, 2013an. Gazte Asanbladako kideek iaz hustu zuten Gaztetxea, eta batzordearen esku utzi zuten eraikinaren kudeaketa. Hala, batzordeko kideek erabakiko dute eraikinagaz zer egin, gernikarren iritziak ezagutu ostean.

Eskolarekin zer egin erabakitzeko lehen pausua Pasileku Lataldea sortzea izan da. Lantalde horrek eraikina herritarren erabilerarako izan dadin bermatuko du, parte hartze prozesuari buruzko hausnarketa gidatzeaz batera.