ËRRENTA TXIKIA” IZAN ARREN. KONTXA IRABAZTEKO GAI DIRELA DERITZO JON SALSAMENDIK

2013/09/06

BUSTURIALDEKO HITZA|

Urdaibaiko arraunlariak Kontxako bigarren jardunaldia hasteko «gogotsu» daude. Ahalegin betean arraunean eginez gero, estropadak irabazteko gaitasuna daukatela baieztatu zuten joan den asteburuan, eta, Kontxako egun erabakiorrean Ohorezko Txanda irabazita eraman gura dute bandera Bermeo aldera. Apustu etxeek Urdaibai jotzen dute faboritotzat, baina Jon Salsamendi taldeko entrenatzailea ez da fido. «Faborito izateak ez du garaipenik ematen; uretan erakutsi beharko dugu Donostiako badian talderik hoberena izan garela», ohartarazi die baikorregiak direnei.

Bermeotarrek hiru segundoko errentagaz ekingo diote estropadari. Alde txikia da, baina «atzetik joatea baino hobea» da, entrenatzailearen berbetan. Joan den asteburuan irabazita, «moralez gainezka» daude taldekideak, eta, arraunean ondo eginez gero, aurkari gogorra izango da Bermeoko trainerua. «Ez dugu merke salduko garaipena», jakinarazi die Salsamendik gainontzeko taldeei.

Aurkariek, gainera, kezkatzeko arrazoi sendo bat daukate: Urdaibai sasoiko heldu da denboraldi amaierara. Entrenatzaileak dioenez, «arraunlari guztiak» erabili ditu denboraldian zehar, azken estropadetara fresko helduz.

Bermeotarrek denboraldiko azken banderen lehian sartu gura dute, eta Kontxa lehen mugarria izango da. Urdaibaiko entrenatzailaren ustez, «estropada berezia da, baina gure gaitasunengan sinesten dugu».

Salsamendirentzat ere Hondarribia, Orio eta Kaiku izango dira aurkariak bigarren jardunaldian. Gipuzkoarrak hurbilago daude sailkapenean, baina bermeotarrek ez dute Kaiku ahaztu gura. «Egoerari buelta emateko gai da, eta hasieratik ahaleginduko da estropada apurtzen».

Herrikideen babesa Urtero bezala, arraun zaleek kolorez jantziko dute Donostia, eta Bermeoko herritarrak ere bertan izatea gura du Salsamendik. Herrikideen babesa jasota arraunlariak hazi egiten direla deritzo. Hala, mahoizko arropekin jantzitako zale asko ikustea espero du. Bigarren txanda 12:00etan hasiko da. Horien ostean, bestalde, garaipena jokatuko duten taldeak ureratuko dira.

Entrenatzailearen ustez, Donostiara doazenek ikuskizun eder bategaz gozatuko dute, eta zorte apur bat izanez gero, Urdaibairen garaipena ospatuko dute. «Hoberenak irabaz dezala, eta behar den moduan ospatzen jakin dezala», esan du.