Errekorragaz etorri da IV. kronoigoera

2013/01/03

BUSTURIALDEKO HITZA|

Koadrila askok izaten dute urteko azken egunean futbolean aritzeko ohitura. Arropa aproposak jantzi, pilota hartu eta lagunarteko eta lehia bako partidak egiten dituzte askok eta askok Gabon Zahar egunean. Askorentzat tradizio bihurtu da jarduera hori, baina, kirola alboratu barik, aldaera berezia izan du urteko azken eguneko lagunarteko lehia osasuntsu horrek Gernika-Lumon. Ikasbide txokoak antolatutako Lumora kronoigoeraren bitartez, pilotaren ordez mendiko bizikletagaz agurtu dute urtea zenbaitek.
Laugarren kronoigoera izan da aurtengoa, eta parte hartzaile kopuruan errekorrik hautsi ez arren, Lumora arinen nork igo ardatz duen lasterketan iazko marka gainditu du irabazleak. Hain zuzen, Asier Martija izan zen hemeretzi parte hartzaileen artean azkarrena, 04.25ko denboragaz. Aritz Martinek (04.30) eta Aitor Madariagak (04.43) osatu zituzten, hurrenez hurren, podiumeko bigarren eta hirugarren postuak.
Umore eta giro ona ez ezik, saririk be ez zen falta izan urtea agurtzeko lasterketa berezi horretan. Txirrindulari talde profesionalen materiala, Txopi eskuterapietan sesio bat, spa zirkuitu bat… banatu zituzten parte hartzaile guztien artean.