EMAKUMEZKOEN PILOTA PARTIDA BATEKIN INAUGURATUKO DU EUSKAL HERRIA MUSEOAK ERAKUSKETA BERRIA

2013/10/16

BUSTURIALDEKO HITZA|

Emakumeak eta euskal pilota da Euskal Herria Museoak urriaren 22tik apirilaren 20ra bitartean ikusgai izango duen aldi baterako erakusketaren izenburua. Lagina inauguratzeko, ekitaldi berezi bat dakar oraingoan Gernika-Lumoko museoak; izan ere, emakumezkoen pilota partida bat antolatu du Jai Alai frontoian.

Barikuan izango da hitzordua, 19:00etan, eta pelota gomazko partida egongo da ikusgai, munduko txapeldunekin. Hain zuzen, Maider Mendizabal Nagore Arozenarekin neurtuko da, eta Susana Muneta Maite Ruiz de Larramendirekin.

Ohorezko sakearen bidez, gainera, erraketistak omendu nahi dituzte, “merezitako esker onak” emateaz gain. Museoko arduradunek jakinarazi dutenez, Chiquita de Aizarna (Gloria Agirre), Lucia Areitoaurtenea, Olga Cazalis, Conchita Bustindui, Agustina Otaola eta Maria Elena Hernandez erraketistek parte hartuko dute.

Erraketaren erakustaldia ere izango da, eta errakestista ohi batek egingo du ohorezko sakea. Gainera, egurrezko erraketa originalekin eta ekitaldirako beren beregi egindako 70 gramoko larruzko pilotekin jokatuko dute partida.

Sarrera doakoa izango da.

Beste jarduera batzuk

Pilota partida ez ezik, erakusketarekin lotutako bestelako ekitaldi batzuk ere aurreikusi ditu Euskal Herria Museoak. Adibidez, 2014ko otsailaren 13an Julio Salvadorrek 1950ean zuzendutako Apartado de correos 1001 filma proiektatuko dute museoan bertan, 19:00etan. Martxoaren 8an, aldiz, Mujer y punto. Pelota izenburupean, Arantxa Pereda erakusketaren komisarioaren berbaldia egongo da, 19:30ean. Azkenik, Emakumeak eta kirola izeneko mahai-ingurua aurreikusi dute, eguna zehazteke dagoen arren.