ELKARTASUN AZOKA EGITEKO PRODUKTUAK BATZEN HASI DIRA MUXIKAN

2013/05/22

BUSTURIALDEKO HITZA|

Muxikako Udalak antolatuta, Urretxindorra eskolako ikasleek elkartasun azoka egingo dute zapatuan. Eskolako jai eguna ospatuko dutela baliatuta, 12:00etatik 19:00etara bigarren eskuko produktuak salduko dituzte ikasleek. Batutako dirua, Bikarterrusiar umeen harrerarako elkarte ongileari emongo diote muxikarrek. Bikarterrusiar elkartea, Errusiako eta Bieloerrusiako gazteak Euskal Herrira aldi baterako ekartzeaz arduratzen da.

Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko produktu bilketa hasi dute muxikarrek. Eskolako ikasleez gain, gainontzeko herritarrek be elkartasun azokan parte hartzeko aukera dute produktuak emonez. Antolatzaileen berbetan, liburuak, arropak, jostailuak, DVDak, eta CDak batzen dabiltza, besteak beste. Interesatuek barikura arte izango dute bigarren eskuko produktuak Zubieta Errota eraikinera eramateko. Hala, udalak parte hartzeko gonbita egin die herritarrei.