EHNEk elikadura burujabetzaren aldeko apustua sendotu gura du

2012/11/27

BUSTURIALDEKO HITZA|

Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE)-Bizkaiak VIII. Kongresua ospatu du domekan, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Bertan azaldu zutenez, elikadura burujabetzaren aldeko apustua sendotu eta lurrari loturiko nekazaritza sektore baten aldeko aldarria egin gura dute.
Gazteak erakarriko dituen sektore errentagarria posible dela azpimarratu zuten; horretarako, baina, «aldaketa sakona behar da nekazaritza politiketan»: bai nazioarte mailan, eta baita maila lokalean be. Diotenez, elikadurak eta nekazaritzak merkantzia izateari utzi beharko liokete; alegia, gosea eta baserritarren desagerpena eragiten duten nazioarteko merkatu espekulatzaileetatik at egon beharko lukete.
Horren harira, EHNEk uste du nekazaritzak merkatuaren zerbitzura egon beharrean, merkatuak egon beharko lukeela nekazaritzaren zerbitzura; «nekazaritza elikadura baita, eta, elikadura, herritarron eskubidea».
Hala, egun martxan diren tokian tokiko proiektuak bultzatu behar direla uste dute; hala nola, «Esnetik esnekien kooperatiba, Nekasarea, Erralderen hiltegi proiektua Berrizen…».