EGURALDIA EZ DA LAGUNTZEN ARI GERNIKA-LUMOKO URRIKO AZKEN ASTELEHENEAN

2013/10/28

BUSTURIALDEKO HITZA|

Beste behin, milaka lagun hartuko ditu gaur herriak, baserritarren egun handian. 277 saltoki daude denetara, eta 09:00etatik euskal soloetako produkturik onenak eskuratzeko aukera daukate bisitariek. Eguraldia, baina, ez da laguntzen ari, eta ordu hauetan beste urte batzuetan baino jende gutxiago dabil herriko kaleetan.

Gaztaren 74 saltoki daude, ortuarien 47, artisauen 46, fruten hamabi, makinariaren hamahiru, eztien sei, txakolinen hogei, ogi eta euskal pastelen 22, kontserben hamabi, sagardoen sei, erroskilen bost, esnekien eta loreen bina eta bestelako produktuen bost. Horiek guztiek parte hartuko dute ortuarien, fruten, loreen, txakolinen, eztien eta gazten lehiaketan.

Aurten ere epaimahaia nekazal munduko teknikari adituek osatuko dutela zehaztu du udalak, Bizkaimendiko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Jatorrizko Deiturako kideek puntuatuko baitituzte produktuak. Gaztak dastatzen sukaldari ospetsuak ariko dira: Haizian jatetxeko Jose Miguel Olazabalaga, Jauregibarriako Beñat Ormaetxea, Baskook jatetxeko Aitor Elizegi, Zalloko Iñigo Ordorika, Zortzikoko Daniel Garcia, Minako Alvaro Garrido, Tamesiseko David Garcia, NH Hotelak kateko Txomin Gomez, Boroako Jabier Gartzia eta Itsasmendi upategiko enologo Ana Martin.

Saltokiez gain, bederatzi txosna izango dira. Foru plazan (Apareu eta Arkupe pelota elkartea), Ciutat de Bergan (Gernika saskibaloi), Pasealekuan (AEK/ Busturialdean Euskaraz Bizi), Saraspen (Gernika Off Road), Alondegian (Jai Alai), Adolfo Uriosten (Esan) eta Domingo Alegrian (Gernika Club eta Rugby Taldea) egongo dira txosnak. EHNE sindikatuarenak osatuko du eskaintza, Juan Calzadako lokalean.