Eguaztenera arte emon daiteke izena Busturiko bigarren eskuko azokarako

2012/12/11

BUSTURIALDEKO HITZA|

Busturiko Udalak lehenengoz antolatuko duen bigarren eskuko azokan parte hartu gura duten horiek aurretiaz izena emon beharko dute, «aurreikuspenak egin ahal izateko», azaldu du Ziortza Bilbao udaleko kultura zinegotziak. Eguaztena izango da izena emoteko azken eguna eta Altamira auzoko liburutegira hurbildu beharko da horretarako.

Datorren domekan izango da bigarren eskuko azoka Altamira auzoko plazan, hain zuzen be. «Krisi garaia dela eta, gauza birziklatuei garrantzia emon asmoz erabaki dugu horrelako merkatu bat antolatzea» dio Bilbaok.

Irtenbidea erabilitako gauzei

Busturiko Udaleko kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, «herritarrei aukera emon gura diegu jadanik erabiltzen ez dituzten gauzei irtenbidea emoten, izan be, batek erabiltzen ez duen zerbait beste batek erabil dezake». Horregatik, bigarren eskuko merkatuan denetarik ipini ahalko dela jakinarazi du Bilbaok, arropak, oinetakoak, jostailuak, liburuak… «bakoitzaren araberakoa».

Hasieran trukea erabiltzea pentsatu zutela azaldu du, «baina uste dugu aproposagoa izango dela bakoitzak bere prezioa ezartzea, gauza batzuen balioa handiagoa izan daitekeelako».

Azokan parte hartuko dutenek, domekan, 09:30ak 10:00ak inguruan batzeko asmoa dutela agertu du kultura zinegotziak «gauzak apur bat prestatzeko».