Edorta Jimenez: “Urdaibai unibertso txiki bat da, burbuila kosmiko bat bezalakoa”

2013/11/25

BUSTURIALDEKO HITZA|

“Burbuila kosmiko” baten barruan sentitzen da Edorta Jimenez Mundakako portuan, bere jaioterrian. Batzuetan, itsasontzien alboan jesarrita, “unibertsoaren parte” ikusten du bere burua; kosmosaren zati bat izango balitz bezala. Euskal Herrian distantziak laburrak izan ohi direla dio, baina denbora tartea oso luzea dela, eta denboraren geruzak pilatu egin direla mendeetan txoko horretan. “Dimentsio ikaragarriko lekua da Urdaibai”, berresten du mundakarrak. 25 urtez literaturari loturik bizi ostean, Jimenezek muga existentzial batera iritsi zela sentitu zuen. Hura gaindituta, Urandere izeneko itsasontziko patroi hasi da, eta bertatik bere “burbuila” maitearen historia azaltzeko ardura hartu du. Mundakatik Gernikara, errekan barrena, Euskal Herriaren 28.000 urteko historia liburua irakur daitekeela dio; “Santimamiñetik hasi, eta gaur egun arte”, hain zuzen. Berak historia horren orriak irakurriko dizkie eskaintzen dituen txangoetara joaten diren pertsonei.

Letren mundutik itsasora arteko urratsa egiteko arrazoiaz galdetuta, literaturaren ekosistema “nahiko kaltetuta” ikusten zuela dio. Krisi ekonomikoak, batik bat, idazleek bizitza aurrera ateratzeko dituzten zailtasunak areagotu dituela uste du, eta horrek lan berri bat bilatzera behartu du. 25 urtez letrekin zerikusia duten lanbideetan ibili ostean, orain ahozkotasunera zuzendu nahi izan du bere begirada, eta ingurura begiratzea besterik ez du behar izan. Bilaketa horretan topatu ditu Iñaki Markuerkiaga ondarroarra eta Busturiako Doroteo Zobaran. Hiruren artean Urdaibaion sortu dute, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko natura eta kulturaren baliabideak ikertzea eta sustatzea helburu duen kooperatiba.

Urdaibaionek hainbat egitasmo ditu, baina arrakastatsuena itsasadarrean barrena Urandereontzian nabigatzearena da. Hamar bat metro luze eta hiru eta erdi zabal, uraren andereak —itsasontziei, normalean, emakumezkoen izenak jarri ohi zaizkie— sobera du solasaldirako lekua, eta zeregin horretan ere Edorta Jimenez da kapitaina. Bidaiariek, ingurumenaz gozatzeaz gain, aukeran izango dute Urdaibaiko biosfera erreserbako leku eta xehetasun bakanenak ezagutzeko: hala nola hondartzak, labarrak, padurak, basoak eta dorretxeak.

“Nahiz eta ez den erraza izan”, 11 ontziratze leku hitzartu dituzte erakunde publikoekin Mundaka eta Gernika artean. Eta horrek, itsasaldiaren arabera, edozein motatako txangoak egitea ahalbidetu die kooperatibako bazkideei. Talde bakoitzari egokituriko tratua eskaintzea da asmoa. Alde horretatik, Jimenezek gogoan du oraindik Madrildik etorritako biologo batek 20 bat minuturen bueltan 40 hegazti mota begiztatu zituenekoa.

Berez, maiatzean hastekoak ziren, lehen argi izpiek Urdaibaiko itsasadarra berotzen dutenean. Hainbat arazo direla medio, abuztuak 15 zituela jarri ziren martxan, egun eguzkitsu gehienak atzean geratu zirenean. Horrek galerak eragin zizkien, baina denbora honetan erantzun bikaina jaso dutela nabarmendu dute antolatzaileek. “Gauza bat argia da: ni Aralarren txundituta geratzen naiz, eta nafarrak, berriz, hemen, kostaldean”. Horren harira, bihotzean lekutxo bat egin dioten bi txango ditu Jimenezek oroimenean. Bat: “Inoiz ezagutu ditudan umerik esker onekoenak, Orozkokoak. Eta bi: “Zuberoatik etorritakoena, abestuz eta dantzatuz ia itsasontzia hondoratu zidatenekoa”. Hainbat alditan Turismo Bulego moduan aritu direnik ez du ukatzen Jimenezek, baina ardura hori “zerbitzu historiko legez” hartu duela dio umoretsu. Urdaibain klima aldaketak nolako eragina izan duen, edo hango mendi hartara zelan iritsi erantzun behar izan dute, besteak beste.

Zorabiorik ez Urandere-n

Dena den, “eta inor baztertu barik”, bere ilusio handiena ontzian euskaldunak hartzea da. Itsasontzia irakaskuntza munduarentzat zuzentzea da Urdaibaionen helburuetako bat. “Euskaltegiei, eskolei eta irakaskuntzan diharduten guztiei eskaini nahi diegu ur gaineko irakasgela hau. Pozgarria da sentitzea euskalduntzen ari den jendea pozik irteten dela”, adierazi du. Proiektua martxan jarri arte garai gogorrak pasatu izan dituztela dio Jimenezek, baina orain abiada hartu dutela eta ahoz ahokoak beren egitasmoaren bideragarritasuna berretsi duela.

Kooperatibak badu goiburu bat: Garena lau urtaroek egin gaituzte. Eta hori defendatzeko urtaroek naturarengan duten garrantzia nabarmendu nahi du mundakarrak. “Hemen lau urtaroak dira ederrak”, dio. Horren adibide jartzen du Mundakak abenduko egun batean lortzen duen magia kutsua hego haizeak gogor astintzen duenean. Horrelako egunetan ere ontzitik inor ondoezik irtengo ez den ziurtasuna dauka. “Orain arte ez da inor zorabiatu, inguruko edertasunagatik, ziurrenik” .

Hasieran esan bezala, unibertsoaren osotasunaren barruan dagoen “burbuila kosmikoan bizi da idazlea. Aurrerantzean, Sukarrietan ainguratuta izaten den Urandere askatzen den bakoitzean, unibertso txiki horretan barneratzeko aukera izango du bertara salto egin nahi duenak.