Doro Zobaran: “Herrigintzaren aldeko proiektua izango da ‘Gernika sutan’ barria”

2013/01/24

BUSTURIALDEKO HITZA|

ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA: Doro Zobaran (1956; Busturia) beti egon da antzerkigintzaren munduagaz harremanetan, baina aurrerantzean erronka barri bati egingo dio aurre: Gernika Sutan antzerkiaren zuzendaria eta koordinadorea izango da. Busturiarrak dioenez, Gernika Sutan barriztuta dator. Handikerietatik aldenduta, herrigintzaren aldeko proiektu bat eratu gura dute sustatzaileek. Hilaren 28an egingo dute lehen entsegua, Astran.

Noiz erabaki zenuten Gernika Sutan antzerkia egiten jarraitzea?

Gabonak aurretik, 2012an Gernika Sutan-eko antzerkian parte hartu genuen hainbat pertsona batu ginen. Batzorde bat eratu genuen, eta proiektuagaz jarraitzea erabaki genuen. Halanda be, beste bide bat hartzea adostu genuen, auzolana antzerkiaren motore bihurtuz. Carlos Panerak egindako lana gutxietxi barik, antzerki barria desberdina izango dela deritzot. Herritarren partaidetza handiagoa bilatzen dugu, gernikarrek berea senti dezaten antzerkia. Produkto bardina hartu dugu, baina eraldatu egingo dugu auzolanaren bitartez.

Urtero egingo duzue antzerkia?

Batzarretan adostu beharreko gauza bat da, baina bi joera daude taldearen barruan. Batzuek urtero egin gura dute, eta besteek bi urterik behin. Hala, aurtengo antzerkia gakoa izango da zein norabide hartzen dugun erabakitzeko. Arrakastatsua suertatuz gero, eta arazo handirik egon ezean, urtero antolatzea ederra izango litzateke.

Batzordeak kudeatzen du antzerkia, baina zu aukeratu zaituzte zuzendari eta koordinadore lanak egiteko. Zelan aukeratu zintuzten?

Batzarretan adostu genuen. Norbait arduratu behar zen parte eszenikoaz, eta ni aukeratu ninduten esperientzia apur bat baitut. Antzerkigintza munduaren barruan nago, eta erronkari aurre egitea erabaki nuen. Niri egokitu zait behar hau, baina jende askok lagunduko dit ibilbidean, proiektu parte hartzaile bat eratu gura baitugu.

Zein berezgarri du Gernika Sutan antzerkiak?

Gernika Sutan antzerkiak euskal antzerkigintza du oinarrian. Maskaraden eta Toberen antzekoa da. Herri antzerki bat da, non pertsonaiak zenbait lekutatik pasatzen dira istorio batzuk kontatuz. Asko gustatzen zaidan formula da, herritarren partaidetza baitago antzerki mota horien oinarrian.

Ze aldaketa izango du antzerkiak?

Carlos Panera zuzendari zenean autore obra batez egiten genuen berba. Aktoreak eta gainontzeko laguntzaileak antzerkiaren pieza soilak ziren. Orain, aldiz benetako antzerki herrikoi bat izango da. Proiektu erabat parte hartzailea izango da, eta guztion artean hartuko ditugu erabakiak. Bakoitza bere ardurekin, danok izango gara ezinbestekoak.