Domekan egingo dute Muxikako II. Argazki Rally Digitala

2012/11/16

BUSTURIALDEKO HITZA|

Iazkoa «arrakastatsua» izan zela eta, II. Argazki Rally Digitala antolatu du Muxikako Udalak. Domekan izango da lehiaketa, eta lanbidez argazkilaria ez den edozeinek parte har dezakeela jakinarazi dute udaletik. Aurten, gainera, sari gehiagogaz eta argazkiak ateratzeko denbora gehiago emanez dator lehiaketa.

Goizean goiz hasiko da argazki rallya, 09:30etik 10:00etara bitartean eman beharko baita izena, Zubietaerrotan. 10:00etan jakinaraziko dituzte denentzako bardinak izango diren gaiak, eta ostean, iaz baino ordu gehiago edukiko dituzte parte hartzaileek herriko auzoetan zehar argazkiak ateratzeko. Ondoren, 17:00etatik 17:30erako tartean aurkeztu beharko dituzte txartel digitalak, Zubietaerrotan bertan. Onenak hautatuta, 19:00etan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.

Udaletik zehaztu dutenez, epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: argazkilari profesional batek, muxikar batek eta udaleko zinegotzi batek. Hala, argazkilari profesionalaren ardura izango da argazkien kalitatea baloratzea, eta muxikarrak argazkiek herriagaz duten lotura edo herriaren ezaugarriak islatzen dituzten aztertuko du. Udaleko zinegotziak sor daitezkeen balizko bardinketak apurtuko ditu.

Oinarriei dagokienez, parte hartzaile bakoitzak JPEG formatuko hamabi argazki korrelatibo aurkeztu beharko ditu. Materiala nork berea eroan beharko du, hau da, nork bere kamera eta txartel digitala eroan beharko ditu.

Sariak

  • Argazki onena. Bi lagunentzako bazkaria edo afaria Muxikako jatetxe batean.
  • Bilduma onena. Bi lagunentzako bazkaria edo afaria Muxikako jatetxe batean.
  • Gaztetxoen mailako argazki onena. 60 euroko txartela argazkilaritza materiala erosteko.
  • Muxikarren mailako argazki onena. Bi lagunentzako bazkaria edo afaria Muxikako jatetxe batean.

Ordutegia

  • 09:30etik 10:00etara. Izena emotea, Zubierrotaerrotan.
  • 10:00etan. Hasiera eta gaien jakinarazpena.
  • 17:00etatik 17:30era. Argazkien aurkezpena.