Diagnostikoa eginez emango diote hasiera Pasileku parte hartze proiektuari

2014/01/20

BUSTURIALDEKO HITZA| 

Pasealekuaren etorkizunari buruz hitz egiten hasi baino lehen, Pasealekua bera zer izan dan zehaztuko dute, iraganari begirada bat botata. Hala finkatuko dituzte Pasealekuaren etorkizunerako abiapuntuak. Beraz, diagnostikoa da otsailean egingo dutena. Ostean, martxoan batuko dituzte proposamenak, bigarren fase batean. Hirugarren faseari, aldiz, apirilean ekingo diote, eta ondorioak bilduko dituzte parte hartzaileek.

Gernika-Lumoko Pasealekua Gernika-Lumoko bizilagunen topagunea dela diote parte hartze prozesuaren bultzatzaileek; hain zuzen, herriaren bihotza dela. 2006. urtetik hona, hainbat izan dira Pasealekuan proposatu diren erabilera posibleak. Hango eskoletan klasea ematen zuten umeak Allende Salazar ikastetxera lekualdatu zituztenetik hutsik dira eraikinak –Berritzegunea baino ez da eskoletan gaur egun–, eta hainbat dira eraikin horientzako egin dituzten planteamenduak. Hala, gernikarren beharrizanei erantzuna bilatu nahian, hainbat hutsune identifikatu izan dituztela azaldu dute Pasileku parte hartze proiektuko kideek.

Zapatuan Pasealekuan bertan aurkeztu zuten egitasmoaren bitartez bide berria zabaldu gura dute”

Hala, zapatuan Pasealekuan bertan aurkeztu zuten egitasmoaren bitartez bide berria zabaldu gura dute, orain arte eraikitakoa aintza hartuta eta barne hartuta. Zubiak eraiki eta instituzio, eragile, talde eta herritarrak batuko dituen topalekua sortu nahi du. Herri osora helduko den prozesua izan nahi du, partaidetza zabala bermatuz, “herritarrak baitira bere inguruaren jakitun, eta bere bizipen, itxaropen eta nahiak baitira parte hartze prozesu hoen oinarri”, diote.