Busturialdeko Tribiala lehiaketa jarri du abian Buy Urdaibaik

2014/01/08

BUSTURIALDEKO HITZA| 

Kultura, natura, gizarte eta enpresa arloak jorratuz eskualdeari buruzko informazioa sarean hedatzea helburu daukan Buy Urdaibai irabazi asmorik gabeko elkarteak Facebook sare sozialeko erabiltzaileei zuzendutako lehiaketa bat ipini du martxan: Busturialdeko Tribiala. Lehiaketa horren bidez, elkarteari buruzko eta eskualdeari buruzko ezagupenak sarituko ditu Buy Urdaibaik.

Parte hartu ahal izateko, nahikoa da Buy Urdaibairen orrialdea atsegin izatea eta lehiaketaren gunera sartzea. Gune horretan, zenbait galdera erantzun behar izango ditu erabiltzaileak; hala nola, elkarteko zenbat enpresak eskaintzen duten ostatua, zein herritan dagoen Ciutat de Berga kalea, zenbat jatetxe diren elkartekide edo zenbatek eskaintzen duten zerga aholkularitza.

Sari ugari
Asko eta askotarikoak dira sariak, Buy Urdaibai osatzen dutenen ezaugarriak bezala. Hala, egonaldiak, tratamenduak, produktu sortak, koadroak, erosketa txartelak, dekoraziorako objektuak, arropak, zerbitzu mota ezberdinak, otorduak… lortuko dituzte lehiaketako irabazleek, galderak zuzen erantzunez gero.