Busturialdearen garapena ardatz lez hartu dabe aurtengo Lurraren Astean

2013/03/19

EL CORREO-IRATXE ASTUI|

Astra Fabrika sozialean, atzo inauguratu eben Busturialdeko V. Lurraren Asteak arreta berezia ipiniko deutso eskualdeko etorkizun eta garapen sozioekonomikoari. «Inguruan daukaguzan ekimenen barri izateaz gainera, eskualdearen inguruko gogoeta egiteko aukera izango dogu», azaldu dabe Lurraren Astearen antolatzaileek. Galtzagorriak, Lurgozok, Gernikatik Mundurak eta Astra Koodinadorak antolatu dabe ekimena, «erakunde publiko eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko alkarlana ezinbestekoa dala uste dogulako, Busturialdea-Urdaibai aurrera egin daian».

Atzoko saioan, elikadura hobetu daikiezan egitasmoak aztertu ebezan eta gaurkoan, barriz, energia berriztagarrien arloa jorratuko da. Horretarako, Goiener kooperatibako kidea dan Eduardo Urturrik eta Energia Gara Urdaibai taldeko Zuhaitz Elortegik eta Aitor Izagirrek hitzaldi bana eskainiko dabe. Bihar, bestalde, eskualdearen turismo-ereduaren mahai-ingurua eratuko da, Busturialdeko Turismo Plana, Madariaga dorretxea, Ondare kulturala eta turismoa eta Urdaibai Bird Center erakundeetako ordezkarien eskutik.

Jardunaldiak egunean jarraituko dabe ‘Busturialdea-Urdaibain zertan ari gara’ gaia ardatz nagusitzat hartuta. «Egun berezia izango da, lanean dihardugun eragileok eskualdearen garapen sozioekonomikorako topagunea eratzeko hazia erein gura dogulako, alkarlanerako bideak ezarriz», azaldu eben. Lurraren Astea amaitzeko, baserriko elikagaien ikastaro praktikoaren aurkezpena egingo da, Aitor Alonso baserritarraren eskutik. «Ekaina bitartea luzatuko dira eskolak», aurreratu dabe. Zapatuan, barriz, hainbat jarduera burutuko dira Astran, eta horreen artean aitagarrienak dira, auzolana, Astrako ortua, umeentzako berrerabilpen tailerra eta Lilibertsolarien saio ibiltaria. Aitatu saio guztiak 19.00etan hasiko dira.