Busturialdeak inauguratuko dau BBK bertso sariketa Arkaitz Estiballes epaile dala

2013/02/27

I.A-EL CORREO|

Busturialdeko taldearen esku-hartzeagaz hasiko da, bihar, Bizkaiko Bertsolari Gazteen XXI. Sariketea. Aurtengo lehiaketaren lehenengo kanporaketa Igorren jokatuko dabe bertakoek, Arratiko taldearen kontra. Guztira, Bizkaiko zazpi eskualdeetako -Arratia, Bilbo, Busturialdea, Lea Artibai, Enkarterri, Ipar Uribe (Eskumaldea) eta Durangaldea- 50 bat neska-mutil lehiatuko dira.

Lehen sei taldeak hiru lehen saiotan neurtuko dira, hilak 28an eta martiaren 5ean eta 6an, Igorre, Markina eta Zallan, hurrenez-hurren. Finalerdiak datorren hileko 12an eta 13an (Lea Artibai-Ipar Uribe) egingo dira, Durango eta Algortan, hain zuzen be. «Durangaldea finalerdietara zuzenean sartuko da, iazko irabazlea izan zalako», argitu eben antolatzaileek, atzo, Bilbon egin zan sariketaren aurkezpenean.

Ekitaldian, besteak beste, Bizkaiko bertsolarien txapelduna dan Arkaitz Estiballes izan zan. «Lotura estua dauka sari honegaz, izan be, parte hartzaile izatetik, epaile izatera heldu da», azpimarratu eben. Kanporaketak zenbait ikastetxe eta kultur etxeetan egingo dira, goiz partean, eta sarrera doakoa izango da. Finalerako sailkatuko diran bertsolariak Bilboko Kafe Antzokian txapela lortzeko norgehiagokan izango dira, martxoaren 22an, 19:00etan.

BBK Bertsolari Gazteen Lehiaketako partaide guztiak bi taldetan banatuko dira, adinaren arabera: erdiak 18 urtetik beherakoak izango dira eta ganerakoak 19 eta 24 urte bitartekoak. Sariei jagokenez, bi talde finalisten artean 2.000 eurotik gora banatuko dira eta txapeldunak 1.260 euroko lehen saria jasoko dau. Bigarren sarituak 900 euro jasoko dauz eta 140 euroko saria izango dau bizkaiera egokiena erabiltzen dauan bertsolari gazteak. «Txapelketan, bestalde, 3.780 euro izango dira, parte hartzen daben bertsolari guztien artean, parte hartzeagatiko dieta moduan banatzeko», azaldu dabe.