Bizkaia Gernikak beheraka jarraitzen du

2013/03/26

BUSTURIALDEKO HITZA|

Bizkaia Gernikak beheraka jarraitzen du Ohorezko Mailako sailkapenean. Duela bi aste lidergoa galdu ostean, joan den asteburuan sailkapeneko bigarren postuak be egin zien ihes basurdeei. Hain zuzen, Santboianaren kontra 17-34 galdu ostean bajatu dira gernikarrak hirugarren postura arte.

Bigarren sailkatuak zuzenean jokatuko ditu ligako finalaurrekoak, final laurdenetako kanporaketa jokatu barik. Halanda be, hiru jardunaldiren faltan basurdeek zail izango dute bigarren postuan sailkatzea. Santboianak lau puntuko errenta ateratzen die bertokoei, eta azkenaldian maila oso ona emoten dabiltza katalandarrak. Hala, bertokoen helburu nagusia bosgarren postutik behera ez erortzea izango da azken partidetan. Izan be, hirugarren eta laugarren sailkatuek etxean jokatuko dute final laurdenetako kanporaketa.

Bizkaia Gernika sailkapenaren hirugarren postuan dago, baina Ampo Ordizia laugarren sailkatua eta eta El Salvador bosgarren sailkatua nahiko hurbil ditu Gernika-Lumoko taldeak. Hain zuzen, ordiziarrak bost puntura dituzte basurdeek, eta El Salvador hamar puntura.

Santboianaren kontra

Joan den asteburuan, Santboianak merezita irabazi zuen, baina basurdeek garaipena lortzeko aukera izan zuten. Lehen zatian katalandarrak nagusitu ziren, baina bigarren zatiaren hasieran markagailuari buelta emotekotan egon ziren gernikarrak. Joko ona eginez, Santboiana bere zelaian sartu zuen bertoko taldeak, baina ez zuen erasoan asmatu.