BI PERTSONA ZAURITU DIRA. BERMEOKO ALDE ZAHARREAN SORTUTAKO SUTE BATEAN

2013/04/11

BUSTURIALDEKO HITZA|

03:30ak aldera piztu da sua, alde zaharreko Juan Nardiz kaleko etxebizitza batean, Athletic tabernaren gaineko etxean. Ustez, zirkuitulabur batek eragin du sua, hutsik zegoen etxebizitza batean eta, hego haizearen eraginez, garrak Erremedio, Nekazari eta Intxausti kaleetan be zabaldu egin dira, eta hainbat etxeri eragin diete. Udaltzaingoaren arabera, lau eraikin jausi dira, eta beste sei oso kaltetuta daude.

Bi zauritu arin daudela jakinarazi du Bermeoko Udalak, suhiltzaile bat eta udaltzain bat. Gainera, informazio iturri beraren arabera, 100 pertsona atera behar izan dituzte beren etxeetatik; horietako asko BBKren lehengo egoitzara eroan dituzte, Goiko plazako gizarte zentrora. Denak onik dira. Hori bai, Juan Nardiz kaleko 11. ataritik 25era arteko bizilagunek gaur ezingo dute beren etxeetara bueltatu; bai, ordea, Intxausti kaleko 1 eta 3 atarikoek. Etxetik aterarazi dituzten gainontzekoei egunean zehar zehaztuko diete zein den egoera, suhiltzaileak etxez  etxe joango baitira, kalteak zenbatekoak diren egiaztatzeko. Lana errazte aldera, ebakuatu dituztenen errolda egiten ari da udala.

la fotoGoiko plaza

 Kaltetutako bizilagunek informazio eske Ber@z bulegora jo dezaketela jakinarazi du udalak. Halaber, zehaztu duenez, etxetik kanpo diren guztiak ostatuetan eta hoteletan kokatzeko lanetan dabil Bermeoko Udala. Horrez gain, egunean zehaz elikagaiak eta behar duten guztia emango dietela azaldu du; gainera, herriko enpresen laguntza izango du udalak horretarako. Dagoeneko ari da elikagaiak banatzen zentro sozialean.

Intxausti kaleko bizilagun batek azaldu duenez, 03:30ean esnatu du auzotar batek, ate joka, sutea sortu zela esanez. Tentsio biziko uneak izan direla esan du. Dena den, herritarrek eta udalak emandako laguntza eskertu du. Kaltetutako beste bizilagun bat, alabaina, egoeraz kexu agertu da, “kalean egoteaz nekatuta” daudela esanez. 04:00etatik kalean daudela zehaztu du.

Intxausti kaleko bitxitegi baten jabeak azaldu duenez, ez diote uzten erakusleihoan dauzkan bitxien bila joaten, eta kexu agertu da.

Herritarren artean kezka da nagusi, eta asko dira sutearen ondorioak bertatik bertara ikusi nahi izan dituztenak.

Sutearen tamaina dela eta, Gernika-Lumoko suhiltzaileez gain, Durangoko eta Bilboko suhiltzaileek esku hartu behar izan dute.  Herri Babesa, Udaltzaingoa eta Ertzaintza ari da haiekin batera alde zaharrean beharrean. Sutea kontrolpean dute dagoeneko, baina guztia itzali barik. Hori dela eta, segurtasun perimetroa zabaldu behar izan dute.