Bi hilabeteko obren ostean, Gaztelugatxerako sarbidea zabaldu dau Aldundiak

2013/12/03

EL CORREO|

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen sailak BI-3101 errepidetik Bermeoko Gaztelugatxeko Donienera heltzeko sarbidea zabaldu dau, asteon. Bide hori, eta baita Olbizarreta-Eneperikoa be, itxita egon dira bi hilabetez, obrak egin diran bitartean, segurtasuna bermatzeko. Lanok, izan be, penintsula eta lehorra batzen diran gunean egin dira.

«Lurra egonkortu egin da eta sarbidea lehengo moduan mantenduko da; hau da, autoz heldu ahal izango da foru errepide zaharreraino, eta gero, oinezkoentzako bide izango da», azaldu dabe Foru Aldundiko iturriek. Konpondu izan dan gunea egoera oso txarrean egon zan lurjausiak eraginda, «obra honegaz, baina, txarrera egitea sahiestu dogu», baieztatu dabe.

Gure lurralde historikoko lekurik «erakargarrienetariko» batean egin dan jarduketa horretan, ia 200.000 euroko inbertsioa egin dau Aldundiak. Lan hori natura guneak kontserbatzeko konpromisoaren barruan sartzen dala azaldu dabe, bestalde, foru aldundiko arduradunek. «Biotopo babestua kontserbatzeko asmoz egin da», azaldu dabe. Hain zuzen be, Gaztelugatxeko inguruaren interes naturalak eta historikoak biotopo babestu izendatzea ekarri eban 1988ko irailaren 15ean.

Landa miraria

Gaztelugatxeko Doniene Espainako Estatuko 2013ko zazpi landa mirarien artean dago. Hain zuzen be, hirugarren landa miraria izendatua izan da, ‘toprural’ nekazalturismoko ostatuen interneteko bilatzaileak egin dauan inkesta baten. Ekimenean, erabiltzaileen 43.000 boto baino gehiago jaso izan ebezan.

Bermeoko irla ezagunaz gainera, Vall de Boiko (Lleida) eta Jacako zitadela (Huesca) agertzen dira, eta atzetik, Baroñako kastroak (A Coruña), Altamirako kobazuloak (Kantabria), Cuencako hiri sorgindua eta Oliteko jauregia (Nafarroa). Joan dan uztailean, bestalde, Gaztelugatxeko ermitarako eskalinata be, munduko 12 eskailera ikusgarrien artean nabarmendu izan zan ‘The World Geography’ webgunean.