Bermeon eta beste herri batzuetan ustez 1.000 mugikor lapurtu dituen talde bat desegin du Guardia Zibilak

2014/01/27

BUSTURIALDEKO HITZA| 

Maloco izeneko operazioaren barruan, hamalau pertsona atzeman dituzte, eta hamabosgarren bat inputatu. Kantabrian, Errioxan, Burgosen eta Bizkaian lapurretak egin dituztelakoan, gaizkile erakunde bat osatzea leporatzen diete denei. Guardia Zibilaren arabera, 1.000 telefono mugikor baino gehiago ostu zituzten, horietako batzuk Bermeon. Ustez, Marokora eramaten zituzten gerora telefonoak.

Pertsona horiek atxilotuta, Guardia Zibilak 30 lapurreta argitu dituela deritzo. Besteak beste, Castro Urdialesen, Laredon, Colindresen, Nojan, Astilleron, Maliañon, Santanderren, Torrelavegan, Bilbon, Getxon, Bermeon, Galdakaon, Sestao, Logroñon… jazo ziren lapurretak. Telefono mugikorrez gain, lurrinak eta ilea-apaindegietako produktuak ostu zituzten; gutxi gorabehera, 200.000 euro.