BERMEOKO JAZZALDIAK HIRU KONTZERTU ETA JAM SESSION BAT ESKAINIKO DU 3TIK 5ERA

2013/07/01

DEIA- Iñigo Alberdi|

Asteazkenetik ostiralera bitartean ospatuko da Bermeoko XVI. Jazzaldia, eta aurten Carlos Velasco Quintet euskaldunek, Poloniako Freeway Quintet eta Kopenhagen egoitza duen Artur Tuznik Trioak hartuko dute parte. Emanaldi guztiak Kafe Anztokian izango dira, arratsaldeko 20:30etik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.

Jazzber jaialdi honetan Kafe An-tzokiko taula gainera igoko diren lehenak Carlos Velasco Quintet euskaldunak izango dira, uztailaren 3an, arratsaldeko 20:30ean euren kontzertua eskaintzeko. Velascok, momentu honetan euskal jazzak dituen musikaririk aktiboetarikoekin batera joko ditu 2011n argitaratu zuen Muy personal diskoaren lanak: Iñaki Rodríguez saxoa, Willy Muñoz pianoa, Luisa Brito kontrabaxua eta Hilario Rodeiro bateria.

Ostegunean, Freeway Quintet Poloniako bandaren txanda izango da. Boskote honek bere jazz progresiboa erakutsiko du, bere izaera eslaviarra eta jazzaren konposizioa ulertzeko era agertuz; baita bere kideek tradizioa eta modernitatea uztartzeko daukaten modu berezia.

Uztailaren 5ean Artur Tuznik Trioak joko du. Hirukote honek hardbop, free jazz, gaur egungo musikaren inprobisazioa eta abangoardia eskandinaviarra batzen dute euren doinuetan. Konposizioek, Artur Tuznik-en lan originalak, hain zuzen ere, erritmo indartsua dute oinarrian.

Ostiralean, aurtengo edizioaren azken egunean, ohiko Jam Session ere egingo da Izaro Irish Pub-ean, gaueko 22:00etatik aurrera. Antolatzaileek gogoratu nahi izan dute Jazzber Bermeo eta inguruko herrietako “jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kon-tzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera” ezin hobea eskaintzen diela.