Bermeoko historia argitaratu berri dute komiki eran

2012/12/04

ERROMANIZAZIOTIK ERDI ARORA ARTE HARTZEN DU ‘CANTERBURYKO PAPEREN MISTERIOA’ IZENEKO LANAK

IÑIGO ALBERDI -DEIA|

Marrazkien bitartez, gazteentzako erakargarriagoa egiteko, Bermeoko Euskeraz Berbetan Taldeak herriko historia azaltzen duen liburuxka argitaratu du. Canterburyko paperen misterioa komikia Rober Garairen marrazkiekin eta Edorta Jimenezen testuekin -elkartekoen dokumentazio lanarekin- osatu da, Erromanizazio garaitik eta Erdi Arorainoko tartea jasoz. ” Ikusi genuen 1504 fetxa ona izan zitekeela amaitzeko, Bermeon sute handia egon zelako”, azaldu zuen Bitor Uriartek, elkarteko kide eta istorialariak.

Argitalpena beste birekin osatzeko asmoa dute ekimenaren sustatzaileek etorkizunean, Alterriko kontuak izeneko bilduman. Horiek, XVI, XVII eta XVIII. mendeak eta, azkenik, historia garaikidea jasoko lituzkete. “Udalaren laguntzaz atera dugu lehenengoa eta besteentzako beste hainbeste beharko genuke”, ohartarazi zuten egileek atzo, Euskararen Egunean, egindako lanaren aurkezpenean.

Lehen liburuxka honek -liburutegi, Berh@az eta herriko liburudendetan 18 eurotan da salgai- denbora tarte zabala eta dokumentazio gehiegirik gabekoa hartzen du, horregatik elementu historiko iraunkorrak agertzen ditu: bandoen sorrera, artile eta burniaren esportazioa, jaun eta korrejidorea, hiribilduak eta lurzabalak, balearen arrantza…

Tartean herriko hainbat txoko ere marraztu dira: Santa Eufemia, Gaztelugatxeko San Juan, Izaroko Andra Mari edota Kurtzioko Santa Marina elizak eta San Franzisko komentua. Baita Torronteru, Andra Mari kalea, San Juan Portale, Erremedioko portalean zegoen kartzela, -”Kartzeloina deitzen zitzaiona, eta gaur egun existitzen ez dena”-, edota Artzako zubia Lamera oraindik egin barik. “Marrazkiak zehaztasun osoz egin dira, etxeak, bideak edota zubiak zeuden lekuan jarrita… Eztabaidak izan dira eta egindakoa borratu beharra ere izan dugu, Santa Eufemia XVIII. mendean jarri zitzaion dorrearekin marraztu zelako, dorretxeak urkamendia behar zuelako…”, azaldu zuten.

CANTERBURY Historia kontatzeko, gaur egunean girotutako fikzioko istorio batez lagundu dira egileak. Canterbury herrian gazte batek agiri batzuk aurkitzen ditu eta beste hiru lagunekin batera informazioa elkartrukatzen aritzen dira, hortxe tartekatuz Bermeoko historiaren benetako pasarteak. Gaur egungo sasoiari helduta, protagonistetako bat lanean ari den biologoaren atunontzia bahitzen dute. “Aipa-tzekoa da hainbat ontzi mota agertzen direla marraztuta: atunontzia ez ezik, baita baleon-tziak edota goi erdi aroko drakerrak ere, bide batez Jaun Zuriaren istorioa kontatzeko”, aurreratzen du Uriartek.

Kontakizuna 1504an amaitzen da, herrian izandako sute izugarriaren ostean agiria Ingalaterrara eraman zituena, beste herritar asko bezala, Bermeo utzi beharra izan zutenean.