BERMEO ETA GERNIKA FUTBOL TALDEEK ETXEAN JOKATUKO DUTE ASTEBURUAN

2013/09/05

BUSTURIALDEKO HITZA|

Bermeo eta Gernika futbol taldeek ligako hirugarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan. Hirugarren Mailako bi taldeek, gainera, etxeko zaleen babesa izango dute, Itxas-Ganen eta Urbietan jokatuko baitute bertoko futbol taldeek. Bertoko bi taldeek galdu egin zuten etxean jokatutako lehen partida. Hala, zaleei denboraldiko lehen garaipena eskaintzen ahaleginduko dira bermeotarrak eta gernikarrak.

Bermeok, esaterako, Santutxuren kontra jokatuko du zapatuan. Bi jardunaldi jokatuta, bermeotarrek puntu bakarra dute. Hala, zulotik aldentzen saiatuko dira asteburuan. Liga hasi baino ez da egin, baina etxeko lanak lehenbailehen egin gura dituzte kostaldekoek. 11:30ean hasiko da Santutxuren kontrako neurketa.

Gernikak, bestalde, Arenasen kontra jokatu beharko du, domekan. Arenas orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituen taldeetako bat da. Hala, ez da erraza izango garaipena Urbietan geratzea. Gernikak, bestalde, hiru puntu dauzka, eta sailkapenaren erdian kokatuta dago. 18:00etan hasiko da Arenasen kontrako norgehiagoka.