BEHARRIZANA DUTEN FAMILIEK JASOTZEN DITUZTEN LAGUNTZAK INDARTU GURA DITU FORUKO UDALAK

2013/11/19

BUSTURIALDEKO HITZA|

Egungo egoera ekonomikoaz jabetuta, beharrizana duten familiei laguntzak ematean datzan ordenantzan aldaketak egitea erabaki du Foruko Udalak azken osoko bilkuran.

Hala, laguntza hori jasotzen duten herritarrei Foruko Dia supermerkatuko erosketak ordaintzeko ez ezik, herriko ekoizleei egindako erosketak ordaintzeko ere laguntza emango die aurrerantzean Foruko Udalak. Hartara, aipatu familiez gain, nekazarita sektorekoko ekoizleak ere lagunduko dituzte. “Bertoko nekazal produktuen kontsumoa areagotzea” da Foruko Udalaren asmoa, “diru sarrerei dagokienez, garai zailak bizi baititu lehen sektoreak”.

1994. urteaz geroztik du Foruko Udalak beharrizana duten familiak laguntzeko ordenantza; orain, baina, laguntza hori indartu nahi duela eta, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren %10 eta %15 artean ordainduko die udalak  aipatu familiei. Horrez gain, uraren, zaborraren eta estolderiaren tasak ordaintzeko ere diruz lagunduko ditu udalak.

Laguntza hori jasotzeko, baina, ordenantzak ezarritako prozesura jarraitu beharko du herritarrak, eta udalak jakinarazitako epearen barruan egin beharko du laguntza eskaria.

Bestalde, azken osoko bilkurak 2013-2014ko ordenantza fiskalak onartu zituen; hala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga bere horretan mantentzea eta udal ordenantza fiskaletan %1,5eko igoera ematea erabaki zuen; hartara, Foruko bizi kalitatea bermatzen duten zerbitzuak mantendu ahal izateko.

Halaber, azken osoko bilkura horrek lokaletako zarata eta bibrazioak neurtzearen inguruko ordenantza berria onartu zuen. Azkenik, ezkontza zibiletarako tasa 120 eurotan ezartzea onartu zuen; “komunitate-zerbitzu bat baino, herritar biri eskainitako zerbitzu bat delako”.