Barikuan eta astelehenean egingo dituzte entseguak Marijesiek

2012/12/05

BUSTURIALDEKO HITZA|

Gabon aurreko bederatzi goizaldez gernikarren loa goxo esnatzera datozen Marijesiak bariku honetan eta datorren astelehenean elkartuko dira bederatziurrenaren aurreko entseguak egiteko. 19:00etatik 20:00etara ipini dute hitzordua, Andra Mari koralaren lokalean.

2012ko batzarra egin zuten asteburuan Astran, eta bertan zehaztu zituzten aurtengo ardurak eta eginkizunak. Hala, Fernando Astoreka, Denis Azkarate, Iñaki Gonzalez Abadia eta Jose Antonio Uriarte Itxaso izango dira bakarlariak. Errondei dagokienez, hilaren 16an, 19an, 21ean eta 23an Lurgorri auzotik ibiliko dira, hilaren 17an, 20an eta 24an Errenteriatik, eta hilaren 18an eta 22an Tiloetatik.

Bestalde, aurtengo errondetan batutako dirua zein elkarteri bideratu hurrengo batzarrean erabakiko dutela jakinarazi dute.