Bardintasunaren Planaren baitan sentsibilizazioarekin hasiko da Busturiko Udala

2013/03/14

BUSTURIALDEKO HITZA|

Gizonen eta emakumeen artean dauden desbardintasun ekonomikoak, kulturalak eta sozialak desagertzeko helburuarekin Busturiko Udalak lehenengo Bardintasun Plana garatu du. Lau urterako plana da eta sentsibilizazio kanpainarekin abiaraziko dutela jakinarazi dute. Batez be, gazteengana heldu gura dutela azaldu du Jone Arrasate Busturiko Udaleko sozio-ekonomia eta emakume arloko zinegotziak.

Joan den urteko abenduan onartu zuten plana eta herritarrei berriki aurkeztu diote. Arrasateren esanetan «beharrezkoa ikusten genuen Busturiak Bardintasun Plan propioa izatea. Gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna bultzatu beharra ikusten genuen arlo guztietan».

Bardintasuna lantzeko herrian egin beharreko gauzak ezartzen ditu planak. Lau urterako egin dute plana eta ahal duten neurrian, planak finkatutako ekintzak egiten joango direla azaldu du Arrasatek. Gauza asko egin daitezkeela dio Busturiko zinegotziak, «baina garaia ez da ona eta diru-laguntzak jasotzen saiatuko gara gauzak antolatzeko».

Aurton, sentsibilizazioarekin hasiko direla azaldu du, «hitzaldiak eta tailerrak antolatuko ditugu, batez be gazteei zuzendutakoak. Beraiek dira etorkizuna eta egoerak aldaketa behar duela jakinarazi behar diegu. Gainera, tratu txarrak saihestu aldera, gazteekin ondo jorratu behar dugun gaia be bada hori». Orain arte horrelako ekintzetan gazteen parte hartzea ez dela emon esan du Arrasatek eta «beharrezkoa» dela uste du. Guraso elkartearekin elkarlanean be, sentsibilizazio kanpainak egingo dituzte eta hirugarren adinekoengana iristen be saiatuko direla aipatu du, «horiei gehiago kostatzen zaielako».

Nahiz eta aurten egingo ez dituzten, gazteekin afektibitateari eta sexualitateari buruzko programak lantzeko asmoa agertu dute. Azken finean, planak egin ahal diren hainbat ekintza zehazten ditu, baina Arrasaten esanetan, «horrek ez du esan gura lau urtetan danak egin behar direnik».

Herrian antolatzen diren kultur ekintzetarako emakumeen kontratazioa bultzatzea be nabarmentzen du planak; bertsolariak, dantzariak… «kontuan izan behar dugu hori jaiak antolatzerakoan edota udaletik langileak kontratatzerakoan. Emakumearen presentzia bultzatu gura dugu herriko arlo guztietan».

Bardintasun Planaren aurkezpenera oso jende gutxi hurbildu zela aipatu du Arrasatek, «uste nuena baino gutxiago eta gizonezko bakar bat bez». Herritarren inplikazioa beharrezkoa dela uste du Busturiko zinegotziak «indarrak batzeko». Haren arabera, aurkeztu barri duten plana ez da soilik udalak betetzeko, baizik eta herritar guztiek bete beharrekoa.