Azken ekintza bandalikoak salatu ditu Bermeoko Udalak

2013/01/21

BUSTURIALDEKO HITZA|

Bermeoko Udalak herrian emon diren azken ekintza bandalikoak salatu ditu. Udaletik jakinarazi legez, urtarrilaren 4tik 5erako gauen gertatu zen, «Artika eta Mañuko auzoetako sastar-batzeko bi edukiontzi hartu, tokiz mugitu, antzadanez ibilgailu baten bidez arrastaka eramanez, eta suntsitu egin zituzten».

Zerbitzu sailak «ekintza bandaliko» horren balorazioa egin duela azaldu dute eta herriarentzat 3.730,94 euroko kostu ekonomikoa suposatuko duela diote. Mota honetako ekintzak «guztiz onartezinak» direla adierazi dute udaletik eta eraso horiek «herritar guztiok ordaintzen ditugula» gogorarazi dute, gainera. Ekintza horiek salatzeaz gain, «gehiago ez gertatzea» espero dutela esan dute.

Bestalde, udaltzaingoak ikerketa bat ireki duela jakinarazi dute  «ekintza horren egileak ezagutzeko eta ondoren erantzukizunak zehazteko». Horrela, ahalik eta arinen, «ekintza bandalikoen egileak nortzuk diren eta beraien ardurak zehaztea espero du» udalak.