Atletico Madrilen kontra galduta be, lidergoan jarraitzen dute basurdeek

2013/02/12

BUSTURIALDEKO HITZA|

Joan den asteburuan Atletico Madrid taldearen kontra galduta be, Bizkaia Gernikak Ohorezko Mailako sailkapenaren buruan jarraitzen du. VRAC bigarren sailkatuak be ez zuen zorterik izan asteburuan, eta Ampo Ordiziaren kontra galdu zuen. Hala, gaztelarrek ez zuten baliatu lider jartzeko aukera. Defentsako bonus puntua lortuta, basurdeek hiru puntuko aldea dute sailkapen orokorrean. Gainera, atzeratutako partida bat jokatu behar dute oraindik.

Bertokoek ez zuten asmatu ohiko jokoa egiten madrildarren kontra. Hala, partida hasieratik joan ziren atzetik  markagailuan.

Zutoin artera egindako jaurtiketekin lortu dituzte lehen puntuak madrildarrek, 9-0 jarriz. Gernikarrak emaitzari buelta emoten ahalegindu ziren lehen zatian, baina ez zuten asmatu erasoko jokoan. Hala, atsedenaldian 19-10eko emaitza islatzen zuen markagailuak.

Bigarren zatian Bizkaia Gernikak apur bat hobeto jokatu zuen, baina ez zen nahikoa izan garaipengaz bueltatzeko. 26-22 hurbiltzea lortu zuten gernikarrek, baina alperrik. Azken minutuetan zutoin artera egindako jaurtiketa bategaz asmatu ostean, 29-22 gailendu ziren madrildarrak.