ARRATSALDEAN AURKEZTUKO DABE GERNIKAN DATORREN URTEKO IBILALDIAREN IRUDIA

2013/06/07

EL CORREO-Iratxe Astui|

Datorren urtean Gernika-Lumon ospatuko da Ibilaldia eta horren antolaketaren ardura hartu dauan Seber Altube ikastolak, 2014ko Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdiaren aurkezpena egingo dau, gaur, herrian. Gernikaldeko herrietako ikasleak hartzen dauzan zentroak, izan be, ekintzaz beteriko programa landu dau, festaren logoaren eta leloaren barri emoteko. «Eskualdeko jaia izatea legez antolatu dogu, Gernika inguruko herri txikietan ikastolarik ez dagoelako eta Seber Altube hareen ‘bihotza’ moduan hartzen dalako», argitu dabe antolatzaileek.

Jaiaren hitzordua 19.00etan hasiko da, herriko hiru leku ezbardinetan. «San Kristobal plazan, Astra inguruan eta San Juan Ibarran alkartuko gara, taldeka», zehaztu dabe iturri bardinek. Hiru puntu horreetatik kalejira bana urtengo da Udaletxerantz. Ondoren, ekitaldi nagusia ospatuko da, Foru plazan bertan, 19.30ak aldera. «Euria bada, merkatu plazan batuko gara», ohartarazo dabe, bestalde. Ibilaldia 2014ko aurkezpen saioa Amaia Uribe eta Josu Goikoetxea bertsolariek gidatuko dabe.

Arropa barriak

Egitarauak jai usaina hartuko dau hasieratik, buruhandi, erraldoi, gaiteroak, txistulariak eta txalapartariak tartean dirala. Bertsolarien saioa egin eta gero, Ibilaldia 2014ko arropak erakutsiko dabez modeloen desfile bat eginez. «Jantziak erosteko aukera be izango da bertan», esan dabe. Horrez ganera, dantza erakustaldia, grafitigileen lanak, musika eta Ibilaldiaren irudiaren sorkuntza bideoa ikusi ahal izango dira. Izan be, 2014ko Ibilaldiko kanpainarako oinarri grafikoak lantzeko tailerra antolatu eben martian,Seber Altube ikastolakoek.

Datorrena, Busturialdea eta Lea Artibaiko eskualdeetan ospatuko dan bostgarren Ibilaldia izango da. 2014koa Gernikan antolatuko dan lehena bada be, Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdia Bermeon eta Ondarroan be izan ziran. Kostaldeko lehen herrian, 1985ean eta 2010ean egin ziran eta Ondarroan, 1995ean 2011n, hain zuzen be.