Arketan kanpin iraunkor bat egin gurako luke Ibarrangeluko Udalak, lanpostuak bermatzeko

2014/01/24

BUSTURIALDEKO HITZA| 

Espainiako Auzitegi Gorenak Arketako kanpina eraisteko agindua eman zuen 2010ean, itsas-eremu publiko batean dagoenez bertan ez delako eraikinik onartzen. Ibarrangeluko alkate Jesus Mari Ziluagak dioenez, erabaki horrek ez dauka zentzurik. Sententziaren harira, Kosta Mugapeak proiektu bat aurkeztu du, zeinak Arketa kanpinaren zonaldea leheneratzea aurreikusten duen. Besteak beste, 30 bat aparkaleku eta mahaiak eta eserlekuak jartzea aurreikusten duen proiektua aurkeztu du Kosta Mugapeak. Hori egiteak 1. 710.740 euroko gastua suposatu luke –lizitazioaren oinarrizko aurrekontuaren arabera–. Hala, 15.815 metro koadro dituen kanpineko instalazio guztiak kenduko lituzkete. Kosta Mugapearen proiektuarekin garapen iraunkorrik lortuko litzatekeenik ez du uste alkateak, “herriko lanpostuak suntsitu, eta lan egiteko ere erreserbatik kanpo atera beharko gintezke eta”. Udalaren proposamena, beraz, kanpin iraunkor bat egitea da, neguan ez ezik, gainontzeko urtaroetan ere erabilpen publiko handiagoa izango lukeena. Diseinu, eraikuntza eta kudeaketa iraunkorra izango lituzke.

Halaber, zentro didaktiko bat egitea ere aurreikusi du Ibarrangeluko Udalak bere proiektuan, bertaratzen diren ikasle zein herritarrek ingurumen aberasgarriaren inguruan gehiago jakin eta iker dezaten. Hala, erakusketak, tailerrak, hezkuntza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzeko hainbat jarduera ere gauzatuko lirateke gune horretan.

Udalaren proiektuak gune ezberdinetan banatzen du kanpina: lehenengo lerroan, taberna-jatetxea eta kirol ekintzetarako gunea legozke; horren atzean legozke hezkuntza zentroa eta aterpetxea, eta hirugarren lerroan, ekokanpina. Laugarren eta bosgarren lerroan, azkenik, gune berdeak, karabanak eta autokarabanak eta kanpaldirako lekua jarri nahiko lituzke.

Udalak proposatzen duen eskaintza iraunkor horren bitartez, aisialdi aktiborako, hezigarrirako eta didaktikorako aukera legoke Laidako kanpinean, eta, era berean, herriko ekonomia  indartuko eta turismo jasangarria sustatuko lirateke.