Angel Artola: “Pedro Malaxetxebarriak iruzur egin dio Gernika Futbol Taldeari”

2013/03/06

BUSTURIALDEKO HITZA|

Angel Artolak, duela lau denboraldi utzi zuen Gernika Futbol Taldeko presidentetza, karguan 20 urte egin ostean. Arazo ekonomikoen erruz, baina, taldea gidatzeko ardura hartu du barriro, Pedro Malaxetxebarriaren agintaldi laburrari amaiera emonez. Malaxetxebarriak taldeari iruzur egin diola salatu du Artolak. “Aitzakiak eta gezurrak” erabiliz, taldea “hilzorira” eraman duela dio Artolak. Malaxetxebarriak dimisioa aurkeztu zuen, eta gaur egun “desagertuta” dago.

Zelan hasi ziren Gernika Futbol Taldearen arazo ekonomikoak?

2012ko maiatzaren hasieran kokatu behar dira aurrekariak. Pedro Malaxetxebarria nigana etorri zen, enpresa proiektu bat martxan jarri behar zuela esanez. Hala, klubean diru asko inbertitu zezakela esan zidan. Ni presidenteordea nintzen orduan, eta presidenteagaz berba egiteko esan nion. Halanda be, harremanik ez zuela-eta, nigaz berba egiten jarraitu zuen. Hasiera baten 400.000 euro emon zitzakela esan zidan. Baldintza bakarra Malaxetxebarria presidente izendatzea zen.

Ez zenuten zalantzan jarri Malaxetxebarriak esandakoa?

Herriko pertsona bat da, eta zenbait negozio ditu bertan. Hala, fidatu egin ginen, erabaki txarra izan zela onartzen dugun arren. Gainera, 40.000 euroko zor-agiri bat emon zidan, eta beste hamar emon zitzakela esan zidan. Diru asko da Gernika bezalako talde batentzat, eta azkenean presidenteagaz berba egiten joan nintzen, aukera ona zela uste baigenuen zuzendaritzako hainbat kidek.

Zelako egoera ekonomikoan hasi zenuten 2012-2013 denboraldia?

Lehen hilabeteetako fakturak, aurreztutako diruagaz ordaindu genituen. Bazkideen urteetako kuotak larrialdietan erabiltzeko gordetzen genituen, eta eskerrak. Diru hori erabiliz ordaindu ditugu jokalarien nominak eta gainontzeko fakturak. Malaxetxebarriak kontratu oso altuak sinatu zituen, eta egoera ekonomiko larrian jarri gintuen, agindutakoa bete ez zuelako.

Malaxetxebarriagaz berba egitea lortu zenuten garai horretan?

Irailean Malaxetxebarriagaz batu ginen, eta zer gertatzen zen galdetu genion barriro be. Gutxienez, jokalariei azalpenak emoteko eskatu genion zuzendaritzako gainontzeko kideok. Azken finean, ardurak hartzeko eskatu genion, jokalariak baitziren kaltetuenak.

Noiz hasi zineten susmatzen Malaxetxebarriak ez zuela ordainduko?

Hasieratik izan du jokaera oso arraroa, baina presidentea jokalariekin batu ostean hasi ginen susmatzen benetako alproja bat zela. Osasun arazoak zituela esanez, gainera, desagertu egin zen, eta ez genuen haren barririk izan. Jokalariak nigana etorri ziren azalpen eske, eta neurriak hartzea erabaki genuen.

Emon ditu azalpenak Malaxetxebarriak?

Ez du azalpenik emon, eta gainera, desagertu egin da. Kalean diotenez, Ecuadorren dago negozio bat martxan jartzeko.

Legezkoa da egiten dabilena?

Gure ustez kartzelan sartu beharko lukete. Jende askori zor dio dirua, baina legeak ez du neurririk hartzen.

Zer gertatuko da 2013-2014 denboraldian Gernika Futbol Taldeagaz?

Zuzendaritza barri bat izendatzeko deialdialdi bat egingo dugu, eta barriro hasiko gara lanean. Argi dago 2012-2013 denboraldiko aurrekontuagaz lan egitea ezinezkoa dela. Aurrekontu orekatu bat izan behar dugu, ametsak albo batera utzita. Ez dugu gura aurtengo bardina gertatzea. Zaila izango da dirua batzea, baina zuzendaritza barriak egin beharreko lanetako bat da.

Hasiera txar baten ostean, Hirugarren Mailako laugarren postuan jarri da Gernika. 2.B mailara igonez gero, zer gertatuko litzateke?

Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina 2.B mailara igotzeko ahaleina egingo dugu. Gernikak 2.B mailan jokatzen zuenean be, aurrekonturik txikienetako bat zuen. Diruak ez gaitu kikilduko, baina aurrekontu egoki bat egin beharko du zuzendaritza barriak, mailaz igoz gero.