Andreenganako bortxari ezetz, hamaika erara

2013/11/22

BUSTURIALDEKO HITZA|

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da astelehenean, eta, horren harira, bortxakeria mota horren aurkako protestak egingo dituzte erakundeek, elkarteek eta norbanakoek herriz herri. Elkarretaratzeez gain, baina, izango da bestelakorik ere, asko dira-eta egunotarako antolatutako jarduerak.
Ean autodefentsa ikastaroa antolatuko dute datozen asteetan, eta Gernika-Lumon, Beldur Barik lehiaketako sariak banatuko dituzte astelehenean bertan. Hain justu, sari bi emango ditu udalak, bat kategoria bakoitzeko. Sari horiek, gainera, ez daude lehiaketa orokorrekoekin lehian; beraz, biak irabaz daitezke. Gernika-Lumon bertan, kafe tertulia bat egingo dute azaroaren 26an Astra kulturarako fabrika sozialean, Indarkeriari stop, berdintasunarekin izenburupean.
Aldarrikapena bertso saio musikatu itxuran helduko da Muxikara, abenduaren 8an. Ez da kasualitatea izeneko saioan, Onintza Enbeitia, Alaia Martin, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan. Eneko Sierra saxo-jolearen eta Ixaak Arruti gitarra-jolearen laguntzagaz, Josu Goikoetxearen aginduetara ariko dira lau bertsolariak.

Bestalde, dagoeneko zenbait udalek onartu dituzte emakumeen aurkako indakeriaren kontrako adierazpen instituzionalak, eta gainontzekoek hurrengo osoko bilkuretan aztertuko dituzte mozioak. Horrez gain, udal eta erakunde asko puntu morea eskuratzeko aukera ematen ari dira egunotan, herritarrek euren leihoetan, balkoietan, lantegietan, erakusleihoetan… jar ditzaten, biolentzia matxistaren amaiera gizarte osoaren nahia dela adierazteko.