ALDE ZAHARRETIK HASITA KOFRADIARAINO HELDUKO DA AURTEN BERMEOKO ERROMEIDXE

2013/04/25

EL CORREO- Iratxe Astui|

Maiatzaren 11an ospatuko dabe bermeotarrek euren Erromeidxe, hirugarrenez. Aurreko urteetan egin zan moduan, aurtengoan be, herriko alde zaharra izango da euskal dantza eta musika erakustaldien eszenatoki nagusia. Izan be, jaialdiaren antolakuntzan parte hartuko daben taldeek, antzinan alde zaharra inguratzen eban harresiaren zazpi ate edo portalak hartuko dabez kalejirearen abiapuntu moduan.

Goiz guztia zonalde horretatik dantzan eta kantaka emon ondoren, aurtengoan baina, Artza udal frontoian barik, kofradian jarraituko dau Erromeidxe-ko jai giroak. «Lekualdatze horren arrazoia da kofradian bazkarirako jende gehiago hartzeko lekua dagoela», azaldu dabe jaialdiaren antolatzaileek. Izan be, aurtengo Erromeidxe-n 500 bat lagun batzea itxaroten dabe.

Jaieguna Arana Goiri tar Sabinen enparantzan botako dan txupinazoagaz hasiko da, 11.00etan. Ondoren, talde bakotxak jagokon lekura abiatuko da kalejireari hasiera emoteko. Sanjuanportalen, Musika Eskolako trikitilariak eta Haitz Nagusijje-ko taldekideek hitzordua ipinita dauke. Behiportaletik, txalapartariak eta Bermeoko Abesbatzakoek urtengo dira eta Santabarbaraportalen, barriz, Alkartasuna dantza taldea eta Erraldoien konpartsa.

Joseba eta Andoni trikitilariek, Zantzue kultur elkartea eta irrintzilariak Eremedio kalea eta Fielato enparantza bat egiten daben lekuan alkartuko dira. Erremedioportaletik urtengo dira, bestalde, Kankinkabara txistularien taldea eta Euskeraz Berbetan-eko lagunak. Bazkarirako txartelak 25 eurotan ipiniko dira salgai, Gizarte eta Kultura Etxean, hilaren 29an eta 30an eta maiatzaren 2an eta 3an, 19:30eatik 21:00etara.