Alaine Agirre (haur literaturako idazlea): “22 urte behar izan ditut nire lehen liburua idazteko”

2014/01/29

BUSTURIALDEKO HITZA| Gaztea da, baina dagoeneko liburu bat du kalean, eta bigarrena argitaratzeko ez du asko falta. Zenbait hilabetetan sei bat ipuin idatzi ostean, batzuk kaxan gorde ditu, baina Nire potxolina maiteakalean dauka Alaine Agirrek (Bermeo, 1990). Bat nahikoa ez, eta bigarrena ere bide beretik doa, maiatzean kaleratuko baitu. Biak ala biak haur literatura dira; dena den, helduentzako zerbait ere badu esku artean bermeotar gazteak.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Txikitatik idatzi izan dut; beti izan dut-eta gustuko. Eskolako jolas orduetan liburutegira joaten nintzen irakurtzera, eta bide horretatik jarraituz, idazten hasi nintzen. Beti idatzi izan dut nire kabuz, eta niretzako; dena den, irakasleek herri mailako lehiaketetetan, Urruzuno lehiaketan… parte hartzea sustatzen zuten. Parte hartu, eta sariak irabazten hasi nintzen. Hala ere, niretzako idatzi izan dut beti, eta ondoren hartu dut kaxan gordetzeko eta argitaratzeko erabakia. Lehiaketako oinarriekin bat eginez gero, aurkeztu egiten nuen lehiaketara. Dena den, lehiaketena gauza arraroa da.

Arraroa zergatik?
Irabaziz gero, idaztera animatzen zaitu, baina bere arriskuak ere baditu. Izan ere, behin irabazita, hurrengo mailako lehiaketa ere irabaztea espero du jendeak, eta hori da txarrena.

Izenburu berezia du zure lehen liburuak.
Bermeon berba berezia da ‘potxolina’; esanahi praktikoa du, baina beste esanahi batzuk ere baditu: pertsona potxolatxoari esaten zaio, izen maitakorra da…

Nori zuzendutako liburua da Nire potxolina maitea?
Elkar argitaletxearen arabera, 8 urtetik 10 urtera bitarteko umeei zuzendutakoa; dena den, nik 8 urtetik gorakoentzako liburua dela esango nuke. Nik, esaterako, ez ditut 10 urte, eta haur literatura irakurtzen dut. Beraz, edonorentzat izan daiteke.

Zuk idatzi duzu, baina ilustrazioak Eider Eibarrek egin ditu, ezta?
Bai, hala da. Argitaratutako prozesuan, marrazkiak Eider Eibarrek egitea gustatuko litzaidakela esan nuen, eta kasu egin zidaten. Bere marrazkiak ikusiak nituen haur literaturako liburuetan, eta gustuko nuen bere behar egiteko modua. Orain ikusten dut marrazkiak eta testua ondo lotu direla.

Zer dela-eta idazten duzu?
Beharrizan bat da. Nire potxolina maitea idatzi orduko haurrentzako beste ipuin batzuk idatziak nituen. Horiek idatzi aurretik, dena den, bi urte izan naiz ezer idatzi gabe, ez delako izan nire garairik onena. Esne barik bizkotxo bat irensten duzunean eztarrian geratzen zaizun korapilo hori bezalakoa izan da garai hori niretzako. Ondo edo txarto idazten dudan esateko beti izango da jendea, baina nik horri ez diot begiratzen. Argi dago liburu bat argitaratzeko gutxieneko maila eduki beharra dagoela, baina nik ez diot horri erreparatzen. Idaztea gustuko dudala ikusten dut, behar dudala.

Zer kontatzen du liburuak?
Alaiak –ipuineko protagonistak– arazotxo bat du; beste askok legez, berak ere txiza egiten du ohean. Horrean aurrean, bere nebak zirikatu egiten du, amak errieta egiten dio eta, txiza ohean egiteari utziz gero, aitak hitzematen dio opari bat egingo diola. Alaiak, baina, ez du ulertzen nolatan utz diezaiokeen txiza egiteari, nahigabe egiten duelako. Azkenean, irtenbide bat aurkitzen du: bere ‘potxolinari’ berba egiten hasten zaio, xamurtasun askogaz, modu maitekor batean.

Egungo umeak ipuinaren istorioagaz identifikatzea bilatzen al duzu?
Nik Alaiaren egoera bera bizi izan dut, eta ume askori gertatzen zaien gauza bat da. Badakit ume asko identifikatuta sentituko direla , baina ez da nire asmoa inori ikasbiderik ematea. Sarritan haur literaturaz pedagokikoa izatea espero da, ikasbideak ematea… Baina niretzako garrantzitsua literatura egitea da; ez dakit nik egiten dudana literatura ote den, baina saiatu, behintzat, saiatzen naiz.

Bermeoko Luma liburudendan aurkeztu zenuen liburua.
Oso gustura sentitu nintzen, eta jende nahikoa batu zen. Oso egun polita izan zen, baina beti sentitzen da bertigoa. Liburutegian aurkezteko ere esan zidaten, baina bigarren liburua kaleratzerakoan biak aurkeztuko nituela esan nien, bestea maiatzean kaleratuko dut eta.

Zer dela-eta bertigoa?
Liburua argitaratu zidatenean ez nintzen ondorioei begira jarri. Ez da beste munduko ezer, ipuintxo bat besterik ez da, baina ez nuen pentsa ez zenbat umek irakurriko zuten, ezta zurekin – Hitzako kazetariarekin– izango nintzenik elkarrizketa egiten, ezta liburuaren aurkezpenak egingo nituenik… Jauzi egin nuen jakin barik non bukatuko nuen; hala ere, pozik nago.

Liburuaren emaitzarekin ere pozik al zaude?
Bai, pozik nago. Zerbait idazten dudanean beti pentsatzen dut ez duela ezertarako balio; baina denbora pasa ahala, lortu dut ipuina gustatzea, bai eduki aldetik, eta baita Eider Eibarren marrazkiengatik ere.

Idazle askok liburu bat amaitu bezain pronto beste bat dute buruan. Zuri ere gauza bera gertatu al zaizu?
Ipuin bat argitaratu arren, ni ez naiz idazlea. Bestalde, udan idatzi nuen Nire potxolina maitea, eta horrekin batera beste hiru-lau; horietako bat maiatzean argitaratuko dudana. Beraz, lehenengo liburua argitaratu zen momentuan bigarrena zuzentzen aritu ziren. Halaber, Elkarrek ilustrazio lehiaketa bat egiten du eskola eta ikastola mailan, eta horretarako nire ipuina (Letra txarra daukat, eta zer?) aukeratu dute, gero umeek eduki hori irakurrita marrazkia egin dezaten.

Hau idazteko puntu batera ailegatu behar izan naiz, baina puntu horren aurretik bide bat izan da, eta bide horretan aurkitu ditut inspiraziorako modu ezberdinak”

Haur literatuz gain, beste estilo batzuk jorratzen al dituzu?
Hilabete batzuetan haur literatura baino ez dut idatzi; geldiezinik ibili naiz. Hala, guztira, sei bat ipuin idatzi ditut; batzuk kaxan gorde ditut. Dena den, duela hilabete pare batetik helduentzako ipuin bat idazten nabil. Ez dakit azkenean zein formatu izango duen, luzatzen doalako kontua.

Ipuinak idazten dituzu, baina ez duzu zure burua idazletzat.
Gaur egun idazle berba erraz erabiltzen da, eta ni ez naiz idazle sentitzen; ez oraindik, behintzat. Beharbada etorkizunean idazle izan naiteke, baina ez dut horretan pentsatzen. Oraingoz dakidana da idatzi gura dudala.

Idazteko inspirazioa  nondik datorkizu?
Galdera horrekin batera, sarritan galdetu izan didate ea zenbat denbora behar izan dudan ipuin bat  idazteko. Nire lehen liburua idazteko, esaterako, 22 urte behar izan ditut. Inspirazioa, bestalde, bizitzatik datorkit, gertatzen diren gauzetatik, bizi ditugun gauzetatik, entzuten ditugun gauzetatik, musikatik, beste ipuin batzuetatik, barruko txokoetatik… Hau idazteko puntu batera ailegatu behar izan naiz, baina puntu horren aurretik bide bat izan da, eta bide horretan aurkitu ditut inspiraziorako modu ezberdinak.