AEBetako GRAND TO GRAND LASTERKETAN LEHIATUKO DA JULEN URDAIBAI BERMEOTARRA

2013/09/19

BUSTURIALDEKO HITZA|

Domekan hasi eta hilaren 28ra arte lehiatuko da bermeotarra Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Coloradoko arroilako Grand to Grand lasterketan. 273 kilometro egin beharko ditu, sei etapa ezberdinetan. 130 parte hartzaile inguru izango ditu probak, eta Euskal Herriko parte hartzaile bakarra izango da.

Saharako edo Amazoniako lasterketetan bezala, Grand to Grand lasterketan ere zazpi egunetarako behar duen guztia aldean eroan behar duela azaldu du Urdaibaik, hamar kilo inguruko gainkarga, alegia. Izan ere, antolatzaileek ura bakarrik jartzen dute parte hartzaileen eskura, eta behar duten gainerako guztia, gaua igarotzeko olana barne, motxila batean eroan beharko du: “Arropak, bazkaria, lo egiteko zakua, zerria, sendagaiak…”.

Coloradoko arroilako probak sei etapa dituen arren, zazpi eguneko lasterketa izango da; “luzea”, korrikalariak dioenez. “Etapa horietako bat gainontzekoak baino luzeagoa izaten da, eta kasu honetan 84 kilometro izango ditu. Etapa hori betetzeko antolatzaileek bi eguneko epea ematen digute. Bi egun izan arren, egun bakarrean amaitzea litzateke hoberena. Horrela, atsedena hartzeko egun bat izango nuke”.

Hori, baina, hirugarren etapa izango da. Lehenengo bi egunetan 49,6 eta 43,3 kilometro egin beharko ditu, hurrenez hurren. Ondoren, etaparik luzeena egin eta gero, 41 kilometroko bi etapa egin beharko dituzte parte hartzaileek. Azken etapa izango da, berriz, denetan laburrena, 12 kilometrokoa. Hala ere, aurreko egunetako nekearen ondorioz, azken hori ere luze iritziko zaiola uste du bermeotarrak.

“Edozein basamortutan gertatu legez”, zailtasunik handiena beroaren ondorioz etorriko dela deritzo. “Arizonan, gainera, egunak beroak dira, baina gauak oso hotzak. Izugarrizko aldea egoten da egunetik gauera, esan didatenez, 40 gradukoa”. Zailtasunak zailtasun, entrenamendu berezirik egin ez duela azaldu du: “Iaz, Antartikora joan orduko, kontserba enpresa bateko izozkailu batean sartzen nintzen entrenatzeko, baina aurten ez dut horren beharrizanik izan”. Astean sei aldiz mendian prestatu da Urdaibai, motxila sorbaldan duela. “Aurtengo udan bero egin du; beraz, tenperatura altuekin entrenatzeko aukera ere izan dut”.

Lasterketa amaitzea helburu Aurreko erronketako helburu berbera du oraingoan ere Urdaibaik, hain zuzen ere, lasterketa amaitu ahal izatea. Haren esanetan, hori da buruan duen gauza bakarra: “Korrika egiteak, gainera, gauza bat du: ondo sentitzen bazara, lasterketak eramaten zaitu leku egokira, gorantza. Baina alderantzizkoa ere gertatzen da: txarto bazaude, atzeraka zoaz. Kilometro asko eta egun asko dira; hortaz, ondo prestatuta egonez gero, aurrera joango zara. Korrika egiteak ez du beste misteriorik. Horregatik ez zait gustatzen helbururik jartzea”.