ABESTIA SORTZEKO LEHIAKETA ABIARAZI DUTE IBILALDIKO ANTOLATZAILEEK

2013/10/15

DEIA- I.Fradua|

 Portugaleteri leku-koa hartuta, Gernika-Lumon ospatuko den 2014ko Ibilaldirako prestaketa lanetan burubelarri dihardute Seber Altube Ikastolako antolatzaileek. Orain zenbait hile Euskararen bihozferaleloa eta irudia aurkeztu ostean, honako honetan Bizkaiko ikastolen jaiaren abestia osatzeko lehiaketa abiarazi dute. Musika sortzaileei bereziki zuzenduta, proposamenak aurkezteko epea azaroaren 23an amaituko da.

Edonork har dezake parte lehiaketan, betiere taldekideren bat Busturialdekoa bada. Baina abestiaren letrak hiru baldintza bete beharko ditu: euskaraz idaztea izateaz gain, ikastola hitza eta Euskararen bihozfera Ibilaldiko leloa azaldu beharko ditu. Letrarik egin nahi ez duten parte hartzaileek, hala ere, hiru aukera posible izango dituzte eskuragarri www.ibilaldia.net webgunean.

Estilo zein grabazioaren kalitatea ez dira kontutan hartuko, baina bai sortutako kantak argitaletxe-kontraturik gabekoak izatea. Eta bakarlari zein musika taldeen proposamenak helarazteko bi bide izango dira. Lehena CD-a grabatu eta Seber Altube Ikastolako idazkaritzan entregatzea izango da. Formatu digitalean aurkezten dutenek, berriz, ibilaldia@ikastola.net helbide elektronikora helarazi beharko dute euren sormen lana. Modu bat zein bestea erabilita, “Ibilaldiaren webgunean dagoen izen emate orria bete eta entregatu behar da materialarekin batera”.

Musikari bik, idazle bik eta Ibilaldia 2014ko Kultura Batzordeak osatuko dute epaimahaia. Antolatzaileek aurreratu dutenez, irabazlearen izena “abenduaren 3an” jakinaraziko dute. Bideo-klipa egiteaz gain, gailentzen den musika talde edo bakarlariak “Ibilaldia ospatzen den egunean gutxienez kontzertu bat eskaintzeko aukera izango du, beti ere hala nahi izatekotan”.